Udaberriko Mendi Astean ezin zuen falta #MendikoAhotsak emanaldi sortako saioren batek. Lagun Onak Mendi Bazkunak 75. urtemugan ekin zion solasaldi ziklo horri, baina egitasmoa geratzeko etorri da. Izan ere, beste saio bat antolatu du taldeak datorren asterako. Ekaitz Maiz eskalatzaile eta alpinista etxauriarra izango da Azpeitian. Maiatzaren 25ean, asteazkenez, Pamir 2021, harri eta izotza filma aurkeztuko du 19:00etan hasita, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Sarrera doakoa izango da, eta ez da aurrez izena eman beharko.
Denetarik egina da Maiz: bederatzikoak kateatu ditu, neguko irekierak, 400 bide baino gehiago ekipatu… Asteazkenean aurkeztuko duen ikus-entzunezkoan euskaldun eta katalan talde batekin egindako espedizioa izango du hizpide. Ak-Su-ko haranean hainbat eskalada egin zituzten, tartean, mundu mailan Bigwall-eko superklasikoa den Perestroika Crack. Komunismo mendian, ia 7.000 metrora, erreskate batean parte hartu behar izan zuten, eta espedizioa Korzhenevskaya (7.105 metro) mendiaren gailurra zapalduta bukatu zuten.