Gipuzkoako Orientazio Ligako beste hitzordu bat izango da ekainaren 5ean, igandez. Erlon eta Xoxoten izango da ligako bosgarren proba, eta zailtasunaren araberako hiru ibilbide prestatu dituzte: familiak, hastapena eta aurreratua. Nahi duen herritar orok izango du parte hartzeko aukera, baina aurrez izena eman beharko da, honako formulario hau beteta.
Proba Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Orientazio Taldeak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatu dute elkarlanean, eta 09:15erako jarri dute hasierako hitzordua, Ikasberri Ikastolaren atarian. Handik, autobus txikietan joango dira parte hartzaileak Erlo-Xoxote eremura; 10:00etan aterako dira lehen parte hartzaileak Xoxote aldera, eta azkenak, berriz, 12:00etan. Helmuga 14:00etan itxiko dute.
Aurten Azpeitian egiten den bigarren proba izango da ekainaren 5ekoa; izan ere, martxoan orientazio ikastaroa ez ezik, proba ere gauzatu zuten hainbat herritarrek.