Europako Mendietara irteera antolatu du Lagun Onakek uztailaren 9rako eta 10erako

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2022ko eka. 29a, 10:33

Vega de Urriellu mendia.

Zapatuan bi ibilbide egiteko aukera izango dute mendizaleek; gogorra eta errazagoa. Igandean, berriz, Cruz de la Viornara igoko dira. 30 lagunek parte hartu ahal izango dute txangoan, eta uztailaren 7a izango da izena emateko azken eguna.

Urtero legez, aurten ere antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak herritarrentzako irteerarik kuttunenetakoa: uztailean, hilaren 9an eta 10ean, Europako Mendietara joango dira.

Larunbatean aterata, bi ibilbide egin ahal izango dituzte mendizaleek: bata gogorra, Sotresetik Fuente Deko kablera Vega de Urriellu eta Horcados Rojoseko lepotik barrena (20 kilometro eta 1.800 metroko malda positiboa); eta errazagoa, hasiera eta amaiera bera dituena eta ibilbidea Duje bailaratik egingo dena, Alivako aterpetik pasatuta (13 kilometro eta 1.000 metroko malda positiboa).

Larunbatean 04:00etan aterako da autobusa anbulatorioaren aurretik. Larunbatean egingo dituzte txangoak, eta horiek bukatzean Potesera (Kantabria) itzuliko dira autobusez. Igandean beste ibilaldi bat egingo dute: Cruz de la Viornara (1.151 metro) joango dira. Azpeitira itzultzeko autobusa 12:00etan abiatuko da Potesetik, eta bidean bazkalduko dute.

30 lagunek parte hartu ahal izango dute txangoan, eta dagoeneko zabalik da izena emateko epea Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean; uztailaren 7ko 21:00etara arte egongo da horretarako aukera. Bazkideek 60 euro ordaindu beharko dute, langabetuek eta ikasleek 45 euro, eta gainerakoek 70 euro. Zenbateko horretan sartzen dira joan-etorriko autobusa, Poteseko albergean gaua igarotzea, afaria eta igandeko gosaria.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide