Egun batzuetako atsedenaren ostean, otsailaren 11n, larunbatez, jarraituko du Lagun Onak MBk #Azpeitia3EM egitasmoarekin. Bigarren etapa egingo dute egun horretan, Andoain eta Goizueta artean; hogei kilometro pasatxoko ibilbidea osatuko dute. Adarra menditik gertu dauden Oindo, Zaburu eta Etzala inguruak zeharkatuko dituzte mendizaleek, eta Gipuzkoan ibilita, Nafarroako lurretan sartuko dira.
Dagoeneko eman daiteke egun osoko ibilaldirako izena. Lagun Onaken webgunean dago horretarako aukera. Autobusa o8:00etan aterako da Azpeitiko anbulatoriotik Andoainera, eta parte hartzaileek orduan ordaindu beharko dute bidaiaren zenbatekoa: bazkideek zortzi euro, eta gainerakoek, hamar euro. Otsailaren 9a izango da izena emateko azken eguna.