Maiatzaren 13an izango da Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia egitasmoko bosgarren etapa

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2023ko api. 26a, 07:06

Belateko irudia.

Nafarroan, Belate eta Sorogain artean, egingo dute 26 kilometroko irteera. Dagoeneko eman daiteke bosgarren etapan parte hartzeko izena Lagun Onaken webgunean; maiatzaren 11ra arte, osteguna, izango da horretarako aukera. 

#Azpeitia3EM egitasmoaren ibilbidearen erdia egitera iritsiko dira mendizaleak maiatzeko etaparekin. Hain zuzen ere, Lagun Onak mendi bazkunak egitasmo horren bosgarren txangoa prestatu du maiatzaren 13rako, zapatua. Zehazki, Belate (Nafarroa) eta Sorogain (Nafarroa) artean egingo dute irteera.

Ibilbidea laugarren etapakoa baino zertxobait gogorragoa izango da, kontutan hartzeko luzera (26 kilometro) zein desnibela (+1.100) baititu. Bestela, ibilbidean zehar belardi eta baso zoragarrietan barrena igaroko dira mendizalea, eta eguraldiak laguntzen badu, paisaiaz gozatzeko aukera aparta izango du.

Mendi irteeraren egunean, 07:00etan aterako da autobusak anbulatorioaren aurretik. Izan ere, Lagun Onakek azaldu duenez, etxetik urruntzen ari dira etapak. Dagoeneko eman daiteke bosgarren etapan parte hartzeko izena Lagun Onaken webgunean; maiatzaren 11ra arte, osteguna, izango da horretarako aukera. Bazkideek hamar euro ordaindu beharko dute autobuseko joan-etorria, eta gainerakoek, hamabost euro.

Honako lotura honetan ikus daiteke etaparen track-a.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide