Emanaldi indartsu eta interesgarriekin dator aurten maiatzaren 23tik 25era egingo den Udaberriko Mendi Astea. Urtero legez, denetik biltzen saiatu gara: alpinismoa, eskalada, abenturak, gertuko mendizaleen bizipenak… eta, oro har, programa nahiko orekatua geratu da.
Hiru hitzordu ditugu agendan, eta hiruak 19:00etan hasiko dira:
- Maiatzaren 23a, asteartea. Mendi Tour, Bilboko Mendi Film jaialdiko onena: Iretargi (3 minutu), New Way up (25 min.), Spindrift (30 min.) eta Doo Sar (46 min.). Soreasun.
- Maiatzaren 24a, asteazkena. Himlung Himal, Xabi Urrate eta Pedro Garciarekin, joan den urtean Himalaiako zazpi milako mendi horretara egin zuten espedizioari buruzko emanaldia eta hitzaldia. Azoka Plazako aretoan.
- Maiatzaren 25a, osteguna. Reel Rock 17 eskaladako film bilduma ezaguna: Burning the Flame (50 minutu), DNA (30 min.) eta Resistance Climbing (40 min.). Soreasun.
Datorren astean zehar joango gara emanaldi bakoitzari buruzko xehetasun gehiago argitzen. Bitartean, jakin Soreasun egingo diren saioen sarrerak eskuragai dituzuela Kulturazen webgunean.
Egitasmoa Azpeitiko Udalaren eta Kulturaz kooperatibaren laguntzarekin egingo da.