Azpeitia-3EM egitasmoarekin jarraitzen du Lagun Onak MBk, eta hurrengo irteera asteburu guztikoa egitea erabaki dute, eta bi etapa egitea: zazpigarrena eta zortzigarrena, hain zuzen. Uztailaren 1eko eta 2ko asteburuaan izango da hori; larunbatean, Orbara eta Otsagabia arteko zatia egingo dute; eta igandean, Otsagabia eta Izaba artekoa. Irteerari buruzko informazio guztia taldearen webgunean dago eskuragai, eta arretaz irakurtzeko eskatu dute, garrantzitsua delako.
Uztailaren 1ean egingo duten etapak 25 kilometro izango ditu, eta 07:00etan abiatuko dira autobusez Azpeitiko anbulatorio aurretik. Egun horretan, Otsagabiako Osate kanpinean antolatuko dute lo egiteko lekua, eta afaria Eskarotzeko Galtzabarra jatetxean. Uztailaren 2an, berriz, 21,5 kilometroko etapa egingo dute. Osateko kanpineko Galtzabarra jatetxean gosalduko dute, eta gero ekingo diote bideari, 09:00 aldera. Dena dela, eguraldiaren iragarpenaren edo beste edozein ustekaberen arabera, egitarau horrek aldaketak izan ditzakeela aurreratu dute antolatzaileek.
Bi egunetako irteeraren ordaina 60 eurokoa izango da bazkideentzat, eta 70 eurokoa bazkide ez direnentzat, eta horrek, autobusa, kanpineko egonaldia, afaria eta gosaria hartzen ditu barne. Ibilaldiko jakiak, kanpina, lotarako zakua eta esterila eramatea norberaren ardura izango da. Izena emateko azken eguna ekainaren 19a izango da eta interesa dutenek elkartearen webgunean topatuko dute izen emateari buruzko informazio guztia.