Uda amaitzear da eta, ziur gaudenez oporretan mendia ganoraz zapaldu duzuela, udazkena ondo estreinatzeko proposamen exijente bezain interesgarri batekin gatoz: Bujaruelotik abiatuta, bi egunetan Vignemaleko itzulia osatuko dugu. Ibilbideak 40 kilometro eta ia 3.000 metroko desnibel positiboa ditu, eta animoso dabiltzanek Petit Vignemale egiteko aukera izango dute.
Lagun Onak Mendi Bazkunak honako egitaraua antolatu eta aurreikusten du irailaren 23ko eta 24ko astebururako (baina eguraldi iragarpenaren edo beste edozein gertaeren aurrean, azken orduko aldaketak egin litzake). Autobusez egingo da bidaia, eta zapatuko 02:00etan aterako gara Azpeitiko anbulatorio aurretik. Irailak 23, larunbata, Bujaruelo eta Oulettes de Gaube (22 km, +2.000) arteko bidea egingo dugu. Etapa amaieran Oulettes de Gaubeko aterpean afaldu eta bertan egingo dugu lo. Ondorioz, norberaren ardura izango da aterpean lo egiteko zakua edo izara eramatea. Hurrengo egunean, irailak 24, igandea, Oulettes de Gaube eta Bujaruelo (18 km, +1.000) arteko itzulera bidea egingo dugu, baina oraingoan Ara ibaiaren ibarretik. Gosaria Oulettes de Gaubeko aterpean egingo da, eta horren ostean abiatuko gara.
Plaza guztiak beteta daude.