Balorazio oso ona eginda itxi du Lagun Onak mendi bazkunak Azpeitia-3EM egitasmoa

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2023ko ira. 13a, 17:00

Hamar etapatan banatutako 230 kilometro inguruko bidea osatu dute Azpeitiko mendizaleek eta, batez beste, 102 lagunek parte hartu dute ibilaldi bakoitzean.

Pasa den igandean amaitu den Azpeitia-3EM ekimenaren balorazio oso ona egin du
Lagun Onak mendi bazkunak. Jarduera hori elkarteak aurten antolatu duen
helduei zuzendutako ekimen nagusia izan da. Egitasmoa hamar etapetan egin da, eta Azpeititik irten eta 2.446 metro dituen Hiru Erregeen Mahaiko gailurrera iristea izan da helburua, pasa den igandean erdietsi zena. Guztira, parte hartzaileek 230 kilometro inguruko ibilbidea osatu dute eta, bataz beste, etapa bakoitzean 100 mendizale baino gehiagok hartu dute parte.

Lagun Onak mendi bazkunak eskerrak eman nahi dizkie, modu batera edo bestera,
egitasmoa posible egiten lagundu duten eragile ezberdinei: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Mendizale Federazioa, Ulacia Autobusak, Goizuetako Arainburu-Umore Ona Mendi Taldea, Lintzako aterpetxea, Gipuzkoako Suhiltzaileak eta Nafarroako anbulantzietako boluntarioak. Eta azkenik, eskerrik beroenak etapetan parte hartzera animatu diren mendizale guzti-guztiei, beraiek baitira elkarteak antolatzen dituen jarduera guztien bihotza.

Azpeitia-3EM ekimenarekin, Lagun Onak MBk jarraipena eman dio azken urteetan
egin diren helduentzako etapazko ibilaldiei. Izan ere, Azpeitia-Hazparne (2017), Azpeitia-Bilbo kostatik (2018), Ardoaren eta Arrainaren Ibilbidea (2019) eta Azpeitia-Iruñea (2022) ekimenen antzeko formatuan osatu da egitasmoa. Etapak 20 eta 30 kilometro artean izan dituzte eta azken lau etapak asteburuko irteera formatuan egin dira. Ibilbideak hainbat herri, lepo, baseliza, tontor eta leku interesgarritatik igarotzeko aukera eman du, Gipuzkoako lurretatik abiatuz, baino gehienbat Nafarroan barrena ibiliz.

 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide