Uda partea gertu den honetan, eta joan den urtean egin genuen bezala, aurten ere gaztetxoekin Bizkaiko kostaldea arakatzen jarraituko dugu. Proposatzen dizuegun ibilbidea Elantxoben hasi eta Kanalan amaitzen da, Urdaibai Biosfera Erreserbaren bihotzean. Esan beharrik ez dago txangoak paisaia eta ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituela.
Ibilbideak hamabi kilometro inguru ditu, eta irteera goizeko 09:00etan egingo dugu, anbulatorio aurretik. Ordainketa autobusean bertan egin beharko dute parte hartzaileek, eta gaztetxoek eta bazkideek 10 euro ordaindu beharko dituzte; bazkide ez diren helduek, berriz, 15 euro. Izena emateko azken eguna ekainaren 13a, osteguna, da.
Animatzen? Ba eman izena gure web orriaren bitartez, eta etorri gurekin!