Euskal Mendizale Federazioak berrikuntzak iragarri ditu federatzeko

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2024ko abe. 2a, 18:01

Lagun Onak MBren irteera bat. (Lagun Onak Mendi Bazkuna)

Haurrei, aisialdi txartelari eta gazteen modalitateari lotutako berrikuntza iragarri du federazioak, horiek %50eko deskontua izateko aukera izango baitute. Azpeitiko Luba Aholkularitzarekin jarri beharko da harremanetan.

Euskal Mendizale Federazioak (EMF) federatzeko epea zabalik du. EMF federazio lizentziak balio du kirolari gisa mendiko hainbat kirol diziplinetan aritzeko, hala nola mendi ibilietan, mendi alpinismoan, eskaladan, arroiletan, mendi alpinismoan, espeleologian, elur erraketekin, eski alpinismoa maila ez lehiakorrean nahiz kirol eskaladan, mendiko eskian, orientazio lasterketetan eta mendian. Lizentzia horri esker, mendian gertatzen diren istripuetarako ospitaleratze, errehabilitazio eta bizitzako kirol-istripu asegurua izango dute kirolariek, aukeratutako esparruaren zein estalduraren arabera eta indarrean dagoen erantzukizun zibileko aseguruaren barruan.

Aurten, haurrei, aisialdi txartelari eta gazteen modalitateari lotutako berrikuntza iragarri du federazioak; izan ere, haurren kasuan deskontua aplikatu daiteke lizentzia ematen den unean haur horren gurasoren bat EMFn federatuta dagoela egiaztatuz gero. Baldintza hori betetzen duten haurrek, aisialdi-txartela dutenek edota gazteek %50eko deskontua izango dute aseguruaren prezioan, estatua, Pirinioak eta mundua estalduretan —aukeretan ez da deskontu hori aplikatuko—. Dena den, eskatzen den filiazio baldintza betetzen ez bada, istripuetan estaldura ukatuko da; kontuan izan beharreko puntu garrantzitsua da hori.

Deskontua aplikatzeko egoeran daudenek Azpeitiko Luba Aholkularitzarekin jarri behar dute harremanetan. Lubak deskontua aplikatuko du baldin eta interesatuak gurasoa federatuta dagoenaren agiria aurkezten badu. Horrez gain, onuradunak bere izen-abizenak eta NA zenbakia ere zehaztu beharko ditu. Aholkulariekin harremanetan jarri nahi dutenek lubafederatuak@gmail.com helbide elektronikora edo 626 53 86 96 telefono zenbakiaren Whatsappera idatzi beharko dute abenduaren 8a baino lehen.

Era berean, Lagun Onak Mendi Bazkunak mendizaleei gogorarazi nahi die federatzearen inguruko informazio guztia Euskal Mendizale Federazioaren webgunean aurki dezaketela, 2025eko lizentziaren tarifak barne. Edozein zalantza izanez gero, interesdunek mendi bazkunaren lagunonakmb@hotmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide