Pirinioetara irteera antolatu du Lagun Onakek ekainaren 7 eta 8rako

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2025ko api. 25a, 10:47

Arriel tontorra. (Wikipedia)

Martxorako aurreikusitakoa eguraldiagatik bertan behera utzi ondoren, Arriel eta Musales igotzeko irteera prestatu du oraingoan mendizaleen elkarteak.

Azkenaldian ez genuen eguraldiarekin zorte handirik izango, baina egoskorrak gara: ekainean, Pirinioetara goaz! Proposatzen dugun ibilbidea polita eta ezberdina da, eta bi egunen artean 40 kilometro inguru eta 2.800 metroko desnibel positiboa egingo ditugu.

Ibilbidea harritsua da oso, eta zati teknikoak ditu. Bi egunetan egongo da, gainera, gailurra egiteko aukera: larunbatean Arriel (2.824 metro) eta igandean Musales (2.652 metro). Bi tontorrak egitea, hori bai, aukerakoa izango dira.

Ibilaldiak eta orduak

Lagun Onak MBk honako egitaraua antolatu eta aurreikusten du ekainaren 7 eta 8ko astebururako; baina, eguraldi iragarpenaren edo beste edozein gertaeren aurrean, azken orduko aldaketak egin ditzake.

  • Ekainak 7, larunbata: Soques – Arremoulit – Petit Arriel (Arriel aukeran) – Arremoulit – Col de la Lie – Larribet (18 km, +1.800m).
    Irteera: autobusez egingo da bidaia, eta goizeko 02:00etan aterako gara Azpeitiko anbulatorio aurretik.
    Lo-lekua: etapa amaieran, Larribeteko aterpean afaldu eta bertan egingo dugu lo. Ondorioz, norberaren ardura izango da aterpean lo egiteko zakua edo izara eta frontala eramatea.
  • Ekainak 8, igandea: Larribet – Ciseaux bretxa – Ibones de Arriel – Respumoso (Musales aukeran) – Sallent de Gallego (20 km, +1.000m).
    Gosaria Larribeteko aterpean egingo da. Horren ostean, oinez hasiko gara.

Irteeran parte hartzeko, Lagun Onak MBren bazkideek 90 euro eta bazkide ez direnek 110 ordaindu behar dituzte. Ordaindutakoak autobusa, aterpeko egonaldia, afaria eta gosaria hartzen ditu barne; hortik kanpo dauden otordu guztiak norberaren ardura izango dira.

Izena emateko eta ordainketarako jarraibideak lagunonakmb.org webgunean daude.

Irteeran parte hartzeko beharrezkoa da federatua izatea eta federatu txartela gainean eramatea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide