200 lagundik gora elkartu dira Udaberriko Mendi Asteko emanaldietan

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB

Ama Dablaneko espedizioaren inguruko emanaldia ostegunean Mendietxe museoan. (Lagun Onak MB)

Lagun Onak Mendi Bazkunak eskerrak eman dizkie Mendi Astea antolatzen lagundu dutenei, hizlariei zein ekitaldietara joan diren herritar guztiei.

Udaberriko Mendi Asteko joan den astearteko eta asteazkeneko ekitaldietara ehun lagunetik gora bertaratu ziren Soreasu antzokira. Lehenengo eguneko saioan, Mendi Tour jaialdiko hainbat film ikusteko aukera egon zen, eta bigarrengo egunean, berriz, Isiltasunetik ikus-entzunezko hunkigarriaren emanaldia eta solasaldia izan zen.

Ostegunean, Mendi Astearen agertokia aldatu, eta Mendietxen Mikel Agirre eta Eneko Iglesias himalayista azpeitiarren bizipenak ezagutzeko aukera izan zen. Aretoa goraino bete zen, herriko mendizaleen bizipenek sekulako interesa piztuta. Poz ematen du etxeko jendea Ama Dablamekoa bezain jarduera interesgarriak  gauzatzen ikusteak, eta pozgarria izan da herritarrek emandako erantzuna era honetako emanaldi bati.

Bukatzeko, Lagun Onak MBren izenean, eskerrak eman nahi dizkiegu egitasmo honetan bidelagun izan ditugun eragileei, bereziki Azpeitiko Udalari, Kulturaz kooperatibari eta Mendietxe museoari. Eskerrak baita ere emanaldiak eskaini eta aurkeztu dituzten lagunei, eta nola ez, ekintzetara joan diren pertsona guztiei. Zuek gabe honek ez luke inolako zentzurik, beraz, eskerrik asko bihotzez!

Udazkenean ikusiko dugu berriro elkar!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide