Lagun Onak mendi bazkunak Hernio mendira egingo du irteera hilaren 21ean

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak MB 2025ko ira. 11a, 12:19

Hernio mendia. (turiscapadas)

Hil honen 21ean egingo du Lagun Onak mendi bazkunak Hernio mendira irteera. Azpeititik Herniora zuzenean oinez joan ahalko dute hala nahi dutenek, baina Bidania-Goiatzera autobusez joateko aukera ere eskainiko du mendi taldeak, handik gero Herniora igotzeko. Izena eman beharko da irteeran parte hartzeko, eta dagoeneko zabalik da horretarako epea.

Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkunak urtero Hernio mendira egin ohi duen irteera egingo du irailaren 21ean, igandez. Mendi taldeak herritarrak animatu nahi ditu hitzordura, irteera haurrei, gaztetxoei eta helduei zuzendutakoa baita.

Irteera egunean, 09:00etan elkartuko dira parte hartzaileak anbulatorio aurrean. Ordea, Herniora arteko bidea bi modutan egiteko aukera eskainiko du mendi bazkunak: batetik, Azpeititik Herniora oinez joan ahalko dute mendizaleek, eta bestetik, autobusez. Azken modu horren aldeko hautua egiten duteak Bidania-Goiatzera joango dira aurrena, gero handik gailurrera igotzeko.

Mendi buelta egin eta Zelatungo hirugarren igandeko erromeria giroaz gozatu ostean, parte hartzaile guztiak autobusez itzuliko dira etxera, 17:00etan Errezildik abiatuta.

Izen-ematea, zabalik

Lagun Onak mendi bazkunak zabalik du dagoeneko irteera horretarako izen-emate epea. Irailaren 18ra arte, datorren osteguna, egongo da epea zabalik. Irteeran parte hartzeko ordaindu egin beharko da, autobusean bertan. Mendi bazkunako bazkide direnek 5 euro ordaindu beharko dute, eta bazkide ez direnek, 10 euro. Honako lotura honetan dagoen galdetegia beteta eman ahalko da izena. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide