Ehunmilak Bira da Lagun Onak Mendi Bazkunak 2026. urterako antolatu duen helduen etapazkako egitasmoa. Azken urteetako formatu bera izango du ekimenak, eta gutxi gorabehera hilean etapa bat eginez, ibilbide luze bat osatzea izango du xede. Kasu honetan, ibilbide hori Ehunmilak ultra trail proba ezagunaren bidea izango da. Lasterketa hori ez dute egingo 2026. urtean, eta Lagun Onakek momentu interesgarritzat ikusi du hain ospetsu egin den proba horretako ibilbidea zazpi etapatan banatuta egiteko. Ukabi Group enpresak babestuko du egitasmoa, eta Azpeitiko Udalaren laguntzarekin egingo dute.
Ehunmilak Bira ibilbide luzeak azken urteetan Lagun Onak mendi bazkunak antolatu dituen helduentzako etapazko egitasmoen antzeko planteamendua dauka; hau da, Azpeitia-Hazparne (2017), Azpeitia-Bilbo kostatik (2018), Ardoaren eta arrainaren ibilbidea (2019), Azpeitia-Iruñea (2022), Azpeitia-Hiru Erregeen Mahaia (2023), Tutera-Azpeitia (2024) eta Azpeitia-3H-Gasteiz (2025) ekimenen antzekoa. Egitasmoa mendizaleei, ibiltariei edo naturazaleei zuzendutakoa da, eta herritar guztiarentzat egingarriak izango diren zazpi etapa prestatu dituzte.
Etapaz etapa
Egitasmoa Azpeititik abiatu eta bertan amaituko da, eta 171 kilometroko luzera izango du. Lehenengo etapak Azpeitia eta Tolosa lotuko ditu, betiere Ehunmilak lasterketaren ibilbideari jarraika; Gazume eta Hernio gailurrak zeharkatuko dituzte etapa horretan. Bigarren irteeran, berriz, Tolosa eta Larraitz lotuko dituzte mendizaleek, eta hirugarrengoan, Lizarrustirainoko bidea egingo dute, Txindoki eta Ganbo mendien tontorrak egin ostean.
Laugarren etapa Otzaurterainokoa izango da, eta baso ederretan barrena ibiliko dira mendizaleak. Ondoren, ibilbideko etaparik luzeena egin beharko dute parte hartzaileek, Otzaurte eta Beasain artekoa, eta bidean, Aizkorri eta Aketegi mendien gailurretara igo beharko dute. Hurrengo etapak, seigarrenak, Elosuraino eramango ditu mendizaleak, eta ibilbidean Izazpi mendia igoko dute. Zazpigarren eta azken etapak Azpeitira eramango du bueltan ekimena, baina horretarako Irukurutzeta edota Xoxote mendiak igo beharko dituzte partaideek.
Aurreikusitako egutegia honakoa da:
- Otsailak 7. Azpeitia-Tolosa. 23 kilometro. Gailurrak: Gazume eta Hernio.
- Martxoak 7. Tolosa-Larraitz. 23 kilometro.
- Apirilak 25. Larraitz-Lizarrusti. 16 kilometro. Gailurrak: Txindoki eta Ganboa.
- Maiatzak 23. Lizarrusti-Otzaurte. 20 kilometro. Gailurra: Intsusburu.
- Ekainak 20. Otzaurte-Beasain. 36 kilometro. Gailurrak: Aizkorri eta Aketegi.
- Irailak 19. Beasain-Elosua. 30 kilometro. Gailurra: Izazpi.
- Urriak 24. Elosua-Azpeitia. 25 kilometro. Gailurrak: Irukurutzeta eta Xoxote.