Iraurgi Berritzen Urola Erdiko garapen agentziak, Gipuzkoako Zibersegurtasun Industrialeko Zentroarekin (Ziur) batera, Zibersegurtasun Gosariak: Ikasiz 4.0 egitasmoa antolatu du, industria arloko zibersegurtasunean sakontzeko helburuarekin.
Gosari horiek biltzen dituen Ikasiz 4.0 lan-ildoak bi helburu nagusi ditu: Enpresa Guneko ordezkarien proposamenari erantzunez, enpresetan garatzen ari diren ezagutza, praktiken esperientzia onak eta proiektuak partekatzea, batetik, horrela eskualdeko enpresetan hobetzeko aukerak biderkatzeko; eta, bestetik, bereziki industria sektorean eragiten ari diren joera teknologikoetan sakontzea, COVID-19aren ondorioz premia hori gehiago nabarmendu baitute enpresek.
Lau saio
Lau saiok osatuko dute egitasmoa, eta datorren asteazkenean, abenduaren 2an, izango da lehendabizikoa, online. Ziur Fundazioaren ekimena eta zerbitzuak enpresei ezagutaraztea; zibersegurtasunaren ikuspegitik, enpresei telelanaren eta hornitzaileen sarbidearen arloan izan daitezkeen estrategien berri ematea; eta enpresek zibersegurtasun industrialean sakontzeko duten interesa ezagutzea dira lehen saio horretan jorratuko dituzten gaiak. Horrez gain, eskualdeko enpresek beren barne sistemen zibersegurtasun industrialaren autodiagnostikoa egiteko aukera izango dute saioaren barruan.
Zibersegurtasun Gosariak: Ikasiz 4.0-ren barruan aurreikusita dauden beste hiru saioak 2021ean zehar egingo dira. Hau da saio horien egutegia eta programa:
- 2021eko martxoaren 2a: Zibersegurtasun funtzioa, zibersegurtasun industrialeko mitoak eta industriako mehatxuak.
- 2021eko ekainaren 3a: Sareen segmentazioa.
- 2021eko urriaren 4a: Besteak.
Parte hartzeko
Abenduaren 2ko saioaren gaineko xehetasunak eskura dituzte enpresek esteka honetan. Jardunaldian parte hartzea nahi dutenek, berriz, Iraurgi Berritzenera jo behar dute, 943-02 60 69 telefonora deituz edo info@iraurgiberritzen.eus helbidera idatziz.