Langabeziak nabarmen egin zuen behera 2020ko azken hiruhilekoan Urola Erdian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2021ko ots. 8a, 11:28

2020ko azken hiruhilekoan nabarmen egin zuen behera Urola Erdiko langabe kopuruak. Martxoan hasi zen COVID-19 osasun krisia tarteko, martxoa eta abuztua bitartean nabarmen egin zuen gora eskualdean langabetuen kopuruak; abuztuaren amaieran erregistratu zuten urteko kopuru handiena, guztira 1.670 langabe.

Abenduaren amaieran erregistratutako datuei erreparatuz gero, berriz, Urola Erdian 1.414 langabetu zenbatu zituzten eskualdean, iraila amaieran baino 178 langabe gutxiago eta abuztua amaieran baino 256 gutxiago. Urte amaieran, eskualdeko langabezia indizea %9an kokatu zen –%7,5 gizonezkoetan eta %10,8 emakumezkoetan–.

Nahiz eta 2020ko azken hiruhilekoan bilakaera positiboa hauteman zuten, 2020. urtea ez zen urte oparoa izan lan merkatuko adierazle garrantzitsuenentzat. Lanbidek eta Gizarte Segurantzak bildutako datuen arabera, jarraian aurkeztutako joerak nabarmendu daitezke:

  • Nahiz eta urteko azken hiruhilekoan Urola Erdian zenbatutako langabetu kopurua nabarmen jaitsi, 2020ko abenduaren amaieran 2019 amaieran baino 127 langabetu gehiago zenbatu zituzten, %9,9 gehiago hain zuzen.
  • 2020an eskualdean erregistratu ziren kontratuei dagonuonez, berriz, guztira 5.400 kontratu zenbatu zituzten, 2019an baino 2.714 gutxiago. Nahiz eta azken hilabeteetan erregistratutako joera positiboa izan zen, azken urtean erregistratutako kontratu kopurua %33,4 jaitsi zen.
  • Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DBE) hartzaileei dagokionez, bestalde, bilakaera negatiboa erregistratu zen iaz. 2020ko abenduaren amaieran, 2019ko hilabete berean baino 48 espediente gehiago zenbatu zituzten. 598 hartzaile zenbatu zituzten guztira Urola Erdian 2020aren amaieran.
  • Gizarte Segurantzako afiliazioei dagokionean, 2020ko abenduaren amaieran 12.421 afiliatu zenbatu zituzten, duela urtebete baino 57 gutxiago. 2020ko otsaila eta abuztua bitartean eskualdean zenbatutako afiliatuen kopuruan beherakada nabarmena ikus zitekeen arren, 2020ko azken hiruhilekoan afiliatu kopuruan joera positiboa izan zen, eta iaz zenbatutako zifretara iritsi zen ia.

Bestalde, guztira 487 Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente (ABEEE) zenbatu zituzten Urola Erdian 2020an. Espediente horiek sektore nahiz jarduera ekonomiko guztietan erregistratu ziren, eta gehienak udaberri garaian. Iraila eta abendua bitartean, 116 espediente erregistratu ziren eskualdean, horietatik 67 azaroan eta ostalaritza jardueran.

Iraurgi Berritzenek datozen hilabeteetan ere eskualdeko errealitate sozioekonomikoaren azterketarekin jarraituko du, une oro eskualdeko lan merkatuaren bilakaera ezagutzeko eta eskualdeko sustapen politikak momentuko beharretara egokitzeko asmoarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide