Lan merkatuak bilakaera onean jarraitzen du Urola Erdian

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2022ko mai. 26a, 10:00

Urola Erdiko langabezia indizea, Iraurgi Berritzenen estimazioaren arabera, %7,7an kokatu da apirilean. 2022ko apirilean iaz hilabete berean baino 88 langabetu gutxiago izan dira eskualdean. Lan merkatuak urteko lehen hiruhilekoan izan duen bilakaera positiboa da, adierazle desberdinei erreparatuz gero.

2022ko apirilean, azken hilabeteetako bilakaera baikorrari eutsiz, 1.228 langabetu zenbatu dira Urola Erdian. Lanbide euskal enplegu zerbitzuaren datuen arabera, 2022ko apirilean iaz hilabete berean baino 88 langabetu gutxiago izan dira eskualdean.

Aldiz, Urola Erdiko langabezia indizea, Iraurgi Berritzenen estimazioaren arabera, %7,7an kokatu da apirilean; %6,1 gizonezkoetan eta %9,5 emakumezkoetan. Gauzak horrela, eskualdeko langabezia indizea, Gipuzkoakoa (%8,7) baino puntu bat txikiagoa da.

Lan merkatuaren bilakaera positiboa

Era berean, lan merkatuak urteko lehen hiruhilekoan izan duen bilakaerari erreparatuz gero, oro har, adierazle ezberdinetan bilakaera positiboa ikus daiteke. Besteak beste, honako puntuak azpimarra daitezke:

  • Urola Erdian zenbatutako afiliazio kopuruari dagokionez, bilakaera positiboa erregistratu da aurtengo lehen hiruhilekoan. 2022ko martxoan 13.157 afiliatu zenbatu dira eskualdean. Azken hilabeteetan erregistratu den bilakaera positiboari esker, iaz baino 742 afiliatu gehiago zenbatu dira eskualdean, sei puntuko hazkundea. Igoera hori, batez ere, industrian eta zerbitzuen sektoreetan eman da.
  • Kontratuei erreparatuz gero, eskualdean urteko lehen hiruhilekoan zenbatutako kontratu kopurua iaz epe berean zenbatutakoa baino 8,4 puntu handiagoa da; guztira 1.668 kontratu. Kontratuen %35,2 industriara bideratu da, eta kontratuen %59,1, berriz, zerbitzuen sektorera.

  • Diru sarrerak Bermatzeko Expedienteei (DBE) dagokionez, urteko lehen hiru hilabeteetan Urola Erdian zenbatutako expediente kopuruak beheranzko joera erregistratu du, eta 549 expediente zenbatu dira, iaz hilabete berean baino 37 eskaera gutxiago.

  • Bestalde, eskualdean, urteko lehen hiruhilekoaren amaieran indarrean den Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Expediente (ABEEE) bakarra zenbatu da. Expediente horrek, guztira, 44 langileri eragiten die (39 gizon eta 5 emakume). Enpresak ekoizpen arrazoiak argudiatu ditu.

Iraurgi Berritzenek, datozen hilabeteetan eskualdeko errealitate sozioekonomikoa arretaz aztertzen jarraituko du, uneoro eskualdeko lan merkatuaren bilakaera ezagutzeko eta eskualdeko sustapen politikak uneko beharretara egokitzeko asmoarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide