Langabezia indizea egonkor mantendu da Urola Erdian azken urtean

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2024ko ots. 26a, 15:11

2024ko urtarrilaren amaieran, Lanbide enplegu zerbitzuaren arabera 1.211 herritar zeuden langabezian bailarako herrietan. Urtarrilean langabetu kopuruak goranzko joera hartu du eta abenduan baino 24 langabe gehiago zenbatu dituzte. Iazko urtarrilarekin alderatuta, aldiz, langabetu bat gutxiago zenbatu dute eskualdean.

Iraurgi Berritzenen kalkuluen arabera, langabezia tasa %7,5ekoa zen joan den urtarrilaren amaieran Urola Erdian. Gipuzkoan eta EAEn, berriz, langabezia tasak %8,3 eta %10,1 dira, hurrenez hurren, eta bi kasuetan tasa eskualdekoaren gainetik dago.

Eskualdeko langabezia tasari generoaren arabera erreparatuz gero, %5,9 da gizonen langabezia tasa; eta %9,2, aldiz, emakumeena. Urtarrilaren amaieran, beraz, Urola Erdiko emakumeen langabezia tasa gizonena baino hiru puntu handiagoa zen. Gipuzkoan eta EAEn ere hiru puntu inguru gainetik dago emakumeen langabezia tasa.

Bilakaera negatiboa azken hiruhilekoan

2023. urteko urria eta abendua artean, bilakaera negatiboa hauteman da lan merkatuaren hainbat adierazletan. Besteak beste, honako puntuak azpimarratu daitezke:

  • Urola Erdian, abendu amaieran Gizarte Segurantzan afiliatutako 13.081 pertsona zeuden, irail amaieran baino hamar afiliatu gehiago. 2022ko abenduarekin alderatuta, ordea, eskualdean 69 afiliatu gutxiago zeuden urte honen hasieran, eta beraz, %0,5 jaitsi da Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopurua. Aldiz, epe berean, Gipuzkoan eta EAEn bilakaera positiboa izan da: %2 eta %2,1 hazi da, hurrenez hurren, Gizarte Segurantzan afiliatutakoen zenbatekoa. 2023aren amaieran, %77,5 erregimen orokorrean zeuden afiliatuta. Sektore ekonomikoei dagokienez, eskualdeko afiliatuen %42,8 industrian ari zen lanean, Gipuzkoan eta EAEn halako bi.
  • Kontratuen bilakaerari dagokionez, urteko azken hiruhilekoan 937 kontratu egin dira Urola Erdian, iaz hiruhileko berean baino %28 gutxiago. Kontratu gehienak zerbitzuetan eta industrian erregistratu dira, %69,3 eta %25,7, hurrenez hurren. Era berean, hiruhileko horretan zenbatu diren kontratu guztien %69,8 aldi baterakoak izan dira.
  • Diru sarrerak Bermatzeko Errentari (DBE) dagokionez, Urola Erdian goranzko joeran jarraitzen du DBE jasotzen duten herritarren kopuruak; urtearen amaieran guztira 626 ziren. Azken urtean, batez ere bigarren sehilekoan izandako igoera tarteko, %17,7 hazi da kopuru hori eskualdean.
  • Amaitzeko, joan den irailaren amaieran Aldi Baterako Lana Erregulatzeko (ABLE) bost txosten zeuden indarrean eskualdean; guztira, 203 langileri eragiten zieten txosten horiek.

Iraurgi Berritzenek datozen hilabeteetan ere eskualdeko adierazle sozioekonomikoen bilakaera aztertzen jarraituko du, uneoro eskualdeko lan merkatuaren bilakaera ezagutzeko eta eskualdeko sustapen politikak unean uneko beharretara egokitzeko asmoarekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide