Klimari eta energiari buruzko Urola Erdiko plana osatzeko galdetegiak prestatu dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2024ko urr. 26a, 09:00

Klimari eta energiari buruzko Urola Erdiko plana osatzen ari da Iraurgi Urola Erdiko Energia Mahaia, eta herritarren eta eskualdeko sektore desberdinetako kideen iritziak eta ekarpenak jaso nahi dituzte. Online galdetegiak astelehenera arte erantzun ahal izango dituzte herritarrek.

Klimari eta energiari buruzko Urola Erdiko plana osatzen ari da Iraurgi Berritzen kide den Urola Erdiko Energia Mahaia, eta planaren azken bertsioa idazteko herritarren eta eskualdeko sektore desberdinetako kideen iritziak eta ekarpenak jaso nahi dituzte. Horregatik, online galdetegi bat diseinatu dute mahaiko kideek.

Galdetegi horiek herritarren eskura jarri ditu Iraurgi Berritzenek, eta astelehenera arte –urriak 28– izango da galdetegia betetzeko aukera: industriaren sektorekoentzako galdetegia; merkatarien eta ostalarien sektorekoentzat galdetegia; eta herritarrentzat nahiz elkarteentzat galdetegia.

Urola Erdiko Energia Mahaiak klima aldaketaren aurrean duen konpromisoa azaldu zuen 2022. urtean, 2015ean onartutako lehenengo Energia Plana berrikusi eta energia eta klimari buruzko plan berri bat egiteko beharra mahaigaineratuz. Horrela, 2022 urtearen amaieran abiatu zen Urola Erdiko Klimari eta Energiari buruzko Plana diseinatzeko prozesua.

Eskualdeko garapen agentziak, erakunde publikoak izanik, ezinbesteko eragileak dira klima aldaketaren aurrean. Beren jardunaren bidez berotegi efektudun gasak murriztera bideratutako ekintzak abiatu ditzakete, baita jada nabarmenak diren inpaktuen aurrean egokitzea ahalbidetuko duten jarduerak diseinatu ere, agentzien kide diren udalekin eta eskualdeko enpresekin elkarlanean.  

Bide horretan, lehenik eta behin, eskualdeko energiaren egoera aztertu zen, klima aldagaia ere barneratuz: eskualdeko sektoreek azken urteetan isuritako berotegi efektudun gasen bilakaera ikertu ahal izan zen, baita etorkizunean eskualdean izango diren klima mehatxu garrantzitsuenak ere. Datu horiekin Urola Erdia eskualdearen egoeraren diagnostikoa idatzi ahal izan zen, eta hori oinarri hartuta, ekintza planaren lehen zirriborroa idatzi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide