Saltokitik Enpresara programa aurkeztuko dute datorren ostegunean Azoka Plazan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2025ko mar. 7a, 13:47

Pertsona bat erosketak egiten. (Maialen Etxaniz)

Ostegunean egingo dute aurkezpena, 15:00etatik 16:00etara, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Merkatariei zuzendutako doako aholkularitza zerbitzua da Eusko Jaurlaritzak bultzatutakoa. Parte hartu nahi dutenek Iraurgi Berritzenen edota Bertan zein Herrixen merkatari elkarteetan eman dezakete izena.

Merkataritza jardueraren bat duten herritarrek Saltokitik Enpresara programaren 2025ko eskaintza ezagutzeko aukera izango dute martxoaren 13an, ostegunez. Egun horretan egingo dute aurkezpena, 15:00etatik 16:00etara bitartean, Azpeitiko Azoka Plazako lehen solairuko aretoan.

Eusko Jaurlaritzaren Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Sailak bultzatutako eta %100 finantzatutako programa da Saltokitik Enpresara. Merkatariei bideratutako doako programa da, eta eskaintzaren helburua da, Euskaliten bidez, merkataritza jarduera duten establezimenduei aholkularitza eskaintzea. Hain zuzen ere, beren saltokiaren kudeaketa eta lehiakortasuna hobetzeko aholkularitza zerbitzua jasotzen dute programan parte hartzen duten merkatariek, aplikazio errealekin: establezimenduaren argazkia bezeroekiko zein lehiakideekiko, merkatua, kudeaketa tresnak (kudeaketa ekonomikoa, erosketak...), planifikazioa... lantzen dituzte. Saltokitik Enpresara programa banakako zein taldeko saioetan egituratzen da, eta saio guztiak merkatarien ordutegira egokituta egoten dira.

Saltokitik Enpresararen osteguneko aurkezpen ekitaldiak bi zati izango ditu: 15:00etatik 15:30era artean, Euskaliteko kideek programa aurkeztuko dute. 15:30etik 16:00etara, berriz, aurreko edizioetan parte hartu duten merkatariek parte hartuko dute.

Parte hartzeko interesa dutenek aurkezpen saiorako izena eman dezakete dagoeneko: Azkoitiko eta Azpeitiko merkatari elkarteekin edota Iraurgi Berritzenekin jarri beharko dute harremanetan. Honako hauek dira harremanetarako kontaktuak:

  • Herrixen Azkoitiko merkatarien elkartea: Sara Rodriguez (608 31 30 24 telefono zenbakia).
  • Bertan Azpeitiko merkatarien elkartea: Xabier Aldalur (688 82 39 44 telefono zenbakia).
  • Iraurgi Berritzen eskualdeko garapen agentzia: Alazne Larrañaga (688 71 87 77 telefono zenbakia).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide