Eskualdeko 350 ikaslek parte hartu dute aurtengo Gerolan proiektuan

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2025ko mai. 7a, 08:50

Ikasle talde bat, Gerolan proiektuaren baitan antolatutako bisitetako batean. (Iraurgi Berritzen)

350 ikaslek 27 bisita egin dituzte eskualdeko enpresa eta eragile desberdinetara Gerolan proiektuko aurtengo edizioan.

Eskualdeko bost ikastetxetako 350 ikaslek eta sektore desberdinetako 27 eragile eta 70 profesional baino gehiagok parte hartu dute Iraurgi Berritzenek antolatzen duen Gerolan egitasmoaren aurtengo edizioan.

Iraurgi Berritzenek ohar batean azaldu duenez, hiru fasetan garatu dute Gerola proiektua: lehenik, ikasgeletan, ikasleen interesak identifikatu eta aztertu dituzte, horien arabera eragile edo enpresa desberdinekin interakzioak antolatzeko. Hala, 27 bisita antolatu zituzten eskualdeko enpresa desberdinetara, eta horietan, 70 profesional baino gehiagoren azalpenak jaso dituzte ikasleek.

Gerolan proiektuarekin, "etorkizuneko ikasketak aukeratzeko orduan baliagarriak izango zaizkien esperientzia pertsonal eta lan mundukoak bertatik bertara ezagutu eta dituzten zalantzak argitzeko aukera izan dute" ikasleek, Iraurgi Berritzenek nabarmendu duenez.

Gaineratu du, halaber, enpresa eta eragile parte-hartzaile, ikasle, orientatzaile, ikastetxe, zein irakasleek egiten duten balorazioa "oso positiboa" dela.

Jarraian, proiektuko ekintzak laburbiltzen dituen bideoa ikus daiteke:

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide