Adimen artifizial sortzailea praktikara eramateko lan saioa antolatu du Iraurgi Berritzenek martxoaren 10erako

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2026ko otsailaren 28a

Langile bat adimen artifizialeko tresnetan trebatzen. (Freepik)

Martxoaren 10ean izango da saioa, Azpeitiko Basazabal jauregian. Industria enpresetako profil ezberdinetara egokitutako saio desberdinetan aplikazio errealak eta kasu praktikoak landuko dituzte parte hartzaileek.

Digitalenturekin elkarlanean, Iraurgi Berritzenek  industria-enpresentzat diseinatutako lan saio praktiko bat antolatu du martxoaren 10erako, adimen artifizial sortzailea modu errealean eta aplikatuan erabiltzen ikasteko. Azpeitiko Basazabal jauregian izango da ikastaroa. Saioa Urola Erdiko industria-enpresetako profesionalei eta arduradunei dago zuzendua, beren eguneroko funtzio zehatzetan aplikatu nahi dutenei, alegia.

Adimen artifizial sortzailea jada ez da etorkizuneko aukera bat: industria-enpresen egungo egoera eraldatzen ari den errealitatea da, eguneroko lanean aplikatzeko aukera ematen duena. Testuinguru horretan, saio honek ikuspegi praktikoa eskainiko du, parte hartzaileek adibide generikoen ordez, beren lan esparruari lotutako ariketekin eta kasu errealekin lan egin dezaten. Horretarako, lan saioa hiru bloketan egituratuko da, arlo profesional nagusien arabera:

  • Goizeko lehen saioa (09:00-11:00) front-stage arlokoentzakoa izango da. Hain zuzen, marketina, salmentak, bezeroarentzako arreta eta post-salmenta arloei zuzenduta egongo da goizeko saioa. Salmentak, bezero-esperientzia eta fidelizazioa lantzea izango dira bloke horren helburuak.
  • Bigarren blokea (12:00-14:00) back-stage arlokoentzako izango da, alegia, bulego teknikoa, ekoizpena, biltegia eta kalitate arloetako profesionalei zuzendutakoa. Eraginkortasun operatiboa eta prozesuen hobekuntza izango dira helburuak.
  • Arratsaldeko saioa (15:00-17:00), azkenik, estrategia arlokoei bideratuko zaie, zuzendaritzakoei eta kudeaketa arlokoei: zuzendaritza nagusia, finantzak, erosketak eta berrikuntza. Bloke horretan irizpidea, lehentasunak eta etorkizuneko ikuspegia landuko dira.

Parte hartzaileek bloke bakoitzerako berariaz diseinatutako prompt-en inbentario bat jasoko dute (rola, testuingurua, sarrerako datuak, zeregina, espero den irteera eta murrizketak barne). Jardunaldian zehar ariketa praktikoak egingo direnez, parte hartzaile bakoitzak bere ordenagailua eraman beharko du saiora.

Iraurgi Berritzenek eskualdeko industria enpresen trantsizio teknologiko-digitala bultzatzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da martxoaren 10eko lan saioa. Garapen agentziaren helburua da ETE industriei tresna praktikoak eta aplikagarriak eskaintzea, lehiakortasuna handitu eta eraldaketa prozesuei modu eraginkorrean aurre egin diezaieten.

Lan saioaren informazio guztia eta izen ematea, honako lotura honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide