Ekitaldiz beteta iritsiko da Orkatz kultur elkartearen XXVIII. urtemuga

Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du ekainaren 18an, Orkatzen urtemugako ekitaldien barruan.

Ekainaren 9tik 19ra bitartean hainbat kultur ekitaldi izango dira, hala nola liburu aurkezpena, dokumental emanaldia, bertso saioa, dancehall ikastaroa eta ikuskizuna eta kontzertuak. Gainera, dagoeneko zabalik da sormen erakusketara lanak aurkezteko epea, baita Pala Txapelketa Mixtoan izena emateko epea ere.

Orkatz kultur elkarteak 28 urte bete ditu aurten, eta egitarau oparo zein anitz batekin bete asmo du ekaineko kultur eskaintza. Bizi dugun garai berezia kontuan hartuta, aurtengo ekintzarik gehienak Soreasu antzokira, Sanagustin kulturgunera edota Dinamoa sormen gunera bideratuak izango dira.

Egitasmo ezberdinek osatuko dute egitaraua. Irekita da jada sormen erakusketarako lanak aurkezteko epea, baita Pala Txapelketa Mixtoan izena ematekoa ere. Sormen erakusketarako lanak maiatzaren amaierara arte aurkeztu ahalko dira, eta ekainean zehar, aurkeztutako lan guztien erakusketa izango da Orkatz kultur elkartean. Pala Txapelketako izen ematea, berriz, igande honetan, maiatzaren 9an, amaituko da, eta maiatzaren 11tik aurrera hasiko dira partidak jokatzen. Finala, ekainaren 19an izango da.

Bestalde, Floren Aoizen Mamuari so liburuaren aurkezpena eta Izadi Gurasoekin dinamikaren Izadi, espetxean jaiotako atzera kontaketa dokumentalaren emanaldia izango dira Sanagustin kulturgunean gauzatuko diren ekintzetako batzuk. Lehena, ekainaren 9an izango da, eta bigarrena, ekainaren 16an.

Ezin genuen, baina, egitaraua bertso saiorik antolatu gabe utzi. Alaia Martin, Maialen Lujanbio, Jon Maia eta Ainhoa Agirrezabaldegi bertsolariak izango ditugu aurtengoan Soreasu antzokiko agertokiaren gainean. Ekainaren 11n, ostirala, izango da emanaldia, 19:30ean hasita.

Egitasmo berrien artean dugu ekainaren 12koa. Raquel Koroma dantzaria behin baino gehiagotan izan da gurean, baina oraingoan gorputzak musika alaiarekin eta dantzagarriarekin nola mugitu irakatsiko du. Zehazki, dancehall ikastaroa eskainiko du Dinamoa sormen gunean, 10:30ean hasita. Egun berean, arratsaldean, dantza erakustaldia ere eskainiko digu dantzari irundarrak, reggae-dancehall doinuekin etorriko den Nikotina Tolosako taldearekin batera.

Azken bi emanaldiak ekainaren 18an eta 19an izango dira. Ruper Ordorika musikariaren kontzertuaz gozatu ahal izango da ostiralean, Soreasu antzokian, 19:30etik aurrera. Urtemugaren harira antolatutako azken ekitaldia, berriz, zapatuan izango da. Amaiera ezin hobea emateko, Pala Txapelketa Mixtoko finala jokatuko da egun horretan, eta arratsaldean Iheskide punk-rock taldea izango da Soreasu antzokian, Tinko gurean disko berria aurkezten.

Dagoeneko salgai daude ordainpekoak diren ekitaldi guztietarako sarrerak Kulturaz.eus webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide