Palestinarekin Elkartasuna plataforma 2023an sortu zen, herri palestinarraren erresistentziari elkartasuna adierazteko eta estatu sionistarekiko euskal konplizitateak etenarazteko. Hainbat mobilizazio eta kanpaina egin ditugu azken bi urteetan, eta herrian ere izango da aurkera gaiaz hitz egiteko.
Plataforma aurkezteaz gain, Taher Ali militante palestinarra izango da han, Palestinako eta eskualdeko egoeraz hitz egiten. Taher, erbestean bizi den bigarren belaunaldiko palestinarra, Ateneo Palestinako kidea da, eta ostegunean Azoka Plazako aretoan ariko da hizketan, 19:00etan.
Hitzaldiaren gakoez Alirekin hitz egin du Palestinarekin Elkartasuna plataformak, gaiaren nondik norakoen berri izateko.
Palestinako diaspora eta aktibista zara, Euskal Herrian errotua. Herri palestinarraren beste borroka fronte bat zarete, zalantzarik gabe. Palestinaz hitz egingo diguzu nagusiki ostegunean, baina askotan aipatu izan dugu Palestina ezin dela ulertu Asia Mendebaldea bere osotasunean kontutan hartu gabe. Egoera gero eta gordinagoa da Asia Mendebaldean: herri palestinarraren garbiketa etnikoa, Libanon esku hartzea eta Hezbolaren aurkako gerra, Sirian Baxar Al-Assaden gobernua erori da... eta azken egunotan Iranen aurkako erasoaldi bortzitzak oso etorkizun ezegonkorra eta arriskutsua ekarri du, lehen oso asaldatuta zegoen testuinguruan. Nola irakurtzen dituzu gertaera hauek? Zer kontestutan ari da gertatzen?
Garrantzitsua da ulertzea Israel artifizialki txertatutako kolonia bat dela, Europaren produktu argi bat: indarrez ezarri zuten nazio arabiarraren bihotzean. Kolonia orok jatorrizko herria sarraskitu behar du ezinbestean, denboran iraun nahi badu. Horregatik funtzionatu zuen kolonia australiarrak, kolonia zeelandaberriak, estatu batuarrak, kanadarrak... Beste askok, ordea, ez zuten funtzionatu, adibidez gogoratu ditzagun Aljeriaren eta Vietnamen kasuak. Ez baduzu jatorrizko herria desagertzen, normalena da jatorrizko herriak berak amaitzea zu kanporatzen. Eta, hain zuzen ere, egoera horretan gaude: nahiz eta 1948tik etenik gabe jasaten ari garen genozidioa, herri palestinarra Palestina historikoko (Gaza, Zisjordania eta gaur Israel deitzen dioten 48ko lurraldeak) biztanleen %55 da; hori jada gehiengoa da. Gainera, kontutan hartzen badugu herri palestinarraren zati handiena atzerrian bizi dela, guztion itzulerak kolonia israeldarra deuseztatuko luke, zentzu horretan.
Azken urte nahikotxotan kolono gehiago ateratzen dira Israeletik, sartu baino. Joera hori Ukrainako gerraren hasieran soilik aldatu zen, baina laburki, eta urriaren 7tik aurrera areagotu besterik ez dira egin kanporanzko mugimenduak. Horregatik, beste arrazoi askoren artean, blokeatu ditu Netanyahuk irteerak. Kolonoei kanpora ateratzea eragozten die, ihesaldi orokor bat gertatuko den beldur delako. Israelen sistema koloniala deskonposatzen ari da, eta urriaren 7ko erasoek joera hori bizkortu dute: ikusten ari garen erailketak, sarraskia eta suntsiketa guztia, izan Gazan, izan Libanon, izan Yemenen, eta orain Iranen, sintoma bat besterik ez dira. Erailez hiltzen ari den piztia baten sintomak dira. Naziek bazekiten Stalingradoko batailaren ostean inperioa galduko zutela; hori da zentzua. Ente kolonialak sarraskia azkartu egingo duela erabaki du.
Eta Pelestinaren egoeraz zer konta dezakezu, labur-labur? Azken hilabeteotan Gazara begira ari gara, baina nola azal dezakezu hitz gutxitan herri palestinarraren egoera eta borroka?
Denok jabetzen gara Gazan eragiten ari diren genozidioaz, baina asko uzten dute ezkutuan: Palestinako erresistentziak ez dio borroka egiteari utzi, egunero daude soldadu israeldarren bajak eta herri palestinarraren gehiengo nabariak erresistentzia palestinarra babesten du. Eta, hain zuzen ere, gatazka ez da Gaza. Basakeria guztiak bat bestearen atzetik kamuflatzen ari dira; adibidez, Zisjordanian, erabat suntsitu dituzte hiriak, etxebizitza asko eta asko lekualdarazi dituzte, aberriaren zati horretan dozenaka mila errefuxiatu daude... Hori ez da nazioartean erreakziorik eragiten ari. Bestalde, 1948ko lurraldeetako palestinarren egoera ere seinalatu egin behar da: Nakban zehar Israelgo estatua deitzen zaion zati horretan gelditzea erabakitzeagatik, herritasun israeldarra dute, Apartheid egoeran bizi dira, 50 arraza-lege baino gehiagoren menpe daude (Nuremberg garaikoan eta aurreko mendeko AEB hegoaldekoen antzekoak), eta gainera, Orwellen diktadurapean bizi dira, sare sozialetan gauzak publikatzeagatik eta erresistentziaren garaipenez pozteagatik preso sartzen dituzte.
Ostegunean solasaldia izango dugu zurekin, Palestinarekin Elkartasuna plataformak antolatuta. Egoeraz eta egin beharrekoez arituko gara, bai zu, baita Palestinarekin Elkartasuneko kideok ere. Landuko diren gaiei buruzko zertzeladarik bai, Taher?
Gatazkaren kausez hitz egingo dugu, baita zein den gaur egungo egoera ere. Etor daitekeenaz ere mintzatuko gara, eta genozidioari eta oro har eskualdean lehertzen den gerrari heltzeko zein zeregin ditugun langile klaseak Euskal Herrian ere hausnartuko dugu. Internazionalismotik kontutan hartu beharrekoez harago, hemen ere nola eragingo duen ikusiko dugu.