"Maiatzaren 15ean Donostiako kaleak hartzera goaz!"

Erabiltzailearen aurpegia Palestinarekin Elkartasuna Urola Erdia 2026ko maiatzaren 10a

Palestinarekin Elkartasunaren prentsaurrekoa Donostian.

Palestinarekiko elkartasunak etenik ez duelako izan behar, maiatzaren 15erako mobilizazioak deitu dira Hego Euskal Herriko hiriburuetan.

Maiatzaren 15a data esanguratsua da Palestinako herriarentzat, orain dela 78 urte, 1948an, Israelgo estatu sionista ezarri zuten 750.000 arabiar desplazatu eta 500 herrixka baino gehiago suntsitu ostean. Lur haietan kolonia israeldarrak eraiki zituzten, eta milaka pertsona erail, bortxatu eta torturatu. Nakba izan zen, hondamendia.

Hondamendi berberak jarraitzen duelako mobilizatzera deitu da Donostian. Eta ez herri palestinarraren kontrako sarraskiaren aurka bakarrik, baita hainbat lurraldetan eragiten ari diren suntsipenaren kontra ere: Libanon, Iranen... esku hartzen ari dira, inolako inpunitaterik gabe. Estrategia kolonizatzailea agerikoa da, sionismoa hainbat herrialdetara hedatu nahian ari da.

Horren guztiaren aurrean, ezinbestekoa da estatu sionistaren zilegitasunari aurre egiten jarraitzea, baina baita garbiketa etnikora daramatzan konplizitate oro seinalatzen eta presionatzen segitzea ere. Palestina eta eskualdeko herri langile guztiak askatzeko, halabeharrez, estatu sionistak desegin egin behar du, eta Euskal Herritik antolatuta egin daitekeen presio mekanismo oro da beharrezkoa, elkartasuna eta babesa helarazteaz harago.

Maiatzaren 15ean ere herri palestinarraren erresistentziaren defentsa egitera aterako gara Hego Euskal Herriko hiriburuetan: palestinarrek euren burua babesteko beharra eta eskubidea dute eta horren alboan egongo gara. Areago, Euskal Herriko konplizitate oro seinalatzen eta presionatzen jarraituko dugu, baita jarrera ekidistante eta zuriak salatzen ere.

Herri palestinarraren borrokak babesa behar du, ezin du etenik izan. Erresistentzia borrokarik gabe, Palestina desagertu egingo da.

Sionismoaren eta konplizitate ororen aurka, maiatzaren 15ean Donostiarako deia egiten dugu; 19:00etan Bulebarretik hasita.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide