CAF genozidioaren konplize

Erabiltzailearen aurpegia Palestinarekin Elkartasuna Urola Erdia 2026ko ekainaren 17a

Beasainen Palestinarekin Elkartasunak deituta larunbatean egindako manifestazioa.

Joan zen larunbatean hainbat lagun Beasainen izan ginen, CAF enpresaren aurka Palestinarekin Elkartasuna plataformak deitutako mobilizazioan. Izan ere, larunbatean banatu zituzten CAFeko akziodunek etekinak, eta enpresa hori Israelera bidaltzen ari den tranbien nahiz han eraikitzen ari den azpiegituren bidez ari da aberasten.

Joan zen larunbatean, Palestinarekin Elkartasuna plataformak deituta, Beasainen mobilizatu ginen CAF enpresaren aurka; han izan ginen hainbat herritar. Izan ere, larunbatean bertan egindako batzarrean gauzatu zuten CAFeko akziodunek enpresaren etekinen banaketa. CAF Israelera bidaltzen ari den tranbien eta han eraikitzen ari den azpiegituren bitartez ari da aberasten: Palestinaren kolonizazioaren eta sarraskiaren konplize zuzenak ari dira izaten. Hori salatzera joan ginen Beasainera, baita Eusko Jaurlaritzaren konplizitatea salatzera ere, hura ere erantzule baita enpresan egiten duen inbertsioagatik eta ematen dion babes politikoagatik.

Larunbatean Beasainen izan ginen, eta egon behar den lekuetan egoten jarraituko dugu, Euskal Herrian Palestinaren kolonizazioaren sustatzaile izaten jarraitzen duten enpresen eta bestelako aktoreen aurka. Hori guztia normalizatzea da egin dezakegun akatsik larrienetakoa, eta urgentziazkoa da, normalizatzetik urrun, mobilizatzen, presionatzen eta antolakuntza hedatzen jarraitzea, Euskal Herrian Israelekiko dauden konplizitate oro eten arte. Proiektu sionista itotzera bidean, ekarpena egin behar dugu Euskal Herritik. Horregatik, udara sartzen ari garen honetan ere mobilizatzen eta presioa eragiten jarraituko dugu, baita herrietako jaietan ere. Konplizitateak salatuko ditugu eta palestinarren erresistentzia borrokari elkartasuna helaraziko diogu. Euskal Herrian haien borrokaren bidelagun garela erakutsiko dugu. Azpeitian ere izango dugu horretarako deirik.

Bide batez, asteburu honetan Baionara joatera animatu nahi zaituztegu, 11:00etan udaletxe aurretik abiatuko den mobilizaziora, Yadan legearen aurka, Frantziako Parlamentuak Israelgo Estatuaren aurkako kritikak antisemitismo gisa epaitzeko lege bat onartu nahi baitu eta horri ere aurkakotasuna erakutsi behar baitiogu.

Ez dezagun Palestinaren kolonizazioa normalizatu eta jarrai dezagun mobilizatzen eta presionatzen, Israelekiko konplizitate oro eten arte Euskal Herrian. Hondamendira garamatzate; ez diezaiegun utzi.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide