Hiru urte beteko dira Palestinako erresistentziak mahaian kolpe bat eman zuenetik eta estatu sionistari aurre egin zionetik, hamarkada luzeetako okupazioari erantzuteko. Eta hiru urte gogor bete dira Israel estatu sionistaren basakeriari eusten ari den herri palestinarrarentzat. Garbiketak bere horretan jarraitzen du.
Laster izango dira estatu sionistan hauteskundeak ere; laster etorriko da informazio jasa komunikabideetatik, alderdi politiko baten eta besteren onurak eta kalteak aztertzen, auziari irtenbidea emateko. Baina guk argi izan behar dugu arazoaren konponbidea ez dela egongo Israelgo gobernu baten edo besteren eskuetan, arazoaren jatorria bera ere ez dago alderdi bati edo besteari lotuta: arazoaren jatorria Israelgo proiektua bera da, oinarrian duen ideologia sionista, eta hura sustatzen eta elikatzen duten inperialismo estatubatuarra eta europearra.
Beraz, hauteskunde prozesuaren emaitzak direnak direla ere, palestinarren erresistentzia borrokan egongo da gakoa, haren bilakaeran. Eta gu, zentzu horretan, babes izango gaituzte. Erresistentziarako eskubidea defendatzen jarraituko dugu, herri palestinarrak aukeratzen duen forman; kriminalizazioari aurre egingo diogu, bai han, bai hemen; palestinarren askatasuna defendatuko dugu eta estatu sionistaren zein haren konplize guztien aurkako mobilizazioekin eta boikotarekin jarraituko dugu Euskal Herrian.
Ezin dugu herri palestinarraren erresistentzia borroka atzean utzi; eduki dezagun lehen lerroan. Azpeitiarrok hitzordu garrantzitsua dugu urriaren 3an, Bilbon. 17:30ean, mobilizazio nazionala, Jesusen Bihotzetik abiatuta.