Ezin dugu etsi pentsio duinen eta publikoen aldeko borrokan

Bizikleta Martxa Azpeititik igaro zen uneko irudi bat.

Azpeitiko Pentsiodunen Mugimenduak honako testu hau argitaratu du joan zen astelehenean Azpeititik igaro zen Bizikleta Martxaren harira.

Pentsiodunen Mugimenduak antolatu duen Bizikleta Martxa ekainaren 13an hasi zen Donostian, eta ekainaren 25an bukatuko da Donostian bertan. Lehen etapa Azpeitira iritsi zen ekainaren 13an, 19:00etan, eta martxako parte hartzaileak herrian gelditu ziren lotan, hurrengo goizean Ondarroarantz abiatzeko.

Dena ondo joan zen. Ekitaldia, bere xumean, oso alaia eta koloretsua atera zen. Baina jakin badakizue horrelako ekintzak antolatzeak ordu askotako lana izaten duela atzean. Herritarrei, elkarteei, udalari, ikastetxeei, kirol elkarteei eta abarri egin diegu parte hartzeko deia eta gonbidapena.

Etorri zirenak etorri ziren, eta gure eskerrik beroena eman nahi genieke lagundu zigutenei eta elkartutakoei: alkateari, agurra egiteagatik; udaletxeko langileei, ikusten ez diren lan txiki asko egiteagatik; udaltzainei, ibilbidea libre utzi eta trafikoa kontrolatzeagatik; musika eskolako zuzendariari eta Imuntzori ekarri zuten ikasle taldearekin batera animoa emateagatik, poza zabaltzeagatik eta musikaz alaitzeagatik; Gorrotxategi eta Lazkano bertsolariei ekitaldia bertsoz borobiltzeagatik; Patxi Altzibarri pentsiodun askok duten egoera hobetzeko borrokatzen jarrai dezagun animatzeagatik; eta Laxaro Azkuneri ekitaldia bideratzen lagundu zuelako. Ekitaldiaz gain, gurekin bat egin zuten txirrindulari elkarteko kideei ere gure esker ona adierazi nahi diegu, eta Uztarria komunikabideari ere bai, horren guztiaren berri emateagatik.

Pentsiodunen Mugimenduak esan nahi du indarrak ezin ditugula galdu, eta ezin dugula etsi pentsio duinen eta publikoen aldeko borrokan. Guk astelehenero 12:00etan elkartzen jarraituko dugu, eta aldi berean, lurraldean edo Euskal Herrian antolatzen diren manifestazioetan parte hartzen jarraituko dugu.

Bizi ditugun uneak gogorrak dira, eta lortu diren eskubideetan atzera egiteko arriskua gero eta nabarmenagoa da. Denok jarri behar dugu aletxoa indarrak biltzeko eta presioa egiteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide