Udalak argitaratu duen aurtengo herri jaietako programari ezaugarriren baten bila hasiz bat da neretzat nabarmena, gorria, kolore gorria eta gorristak dituela nagusi. Agian ez du esan nahi berezirik baina gorria da duen elementurik deigarrienetakoa.
Etxean jasotzen dugunean urtero hartzen dugun festa usaiaz gain aurtengoak bazuen morbo eta jakin grina berezirik. Zer egingo ote zukeen bada udal berriak ohitura eta tradizioekin (gehienak ez hain zaharrak), dena auzitan jarriko zuen ala lehengoan jarraituko zuen.
Bagenekien, egin nahi izanda ere, denborarik ez zegoela aldaketa sakonik egiteko eta hauek, egitekotan, maila sinbolikokoak izango zirela. Esku artera iritsi zaigunean lehen begiradan gure itxaropenak guztiz zapuztu dira, - azpeitiarrak lehenean-, baina bgirada lasaiago batean azpeitiarrak lehen bezalatsu, oraingoz- gauza deigarriak aurkitu ditugu. Deigarriak esan dut, adi, ez berriak.
Lehenik elizkizunen kontua egin zait deigarri. Lau meza nagusi daude saninazioetan eta bederatziurren bat, bezpera, salbe eta guzti. Bildarrats datorkit gogora, Tolosako alkatea, nola esan zion behin, telebistako mahai inguru batean, Eizmendi Azpeitiko alkateari, Tolosara etortzen zirenak zirela Hondarribian eta Donostian bainatu eta paseatu eta Azpeitian errezatu ondoren txuleta jatera etortzen zirenak. Turismo kontua zen eta aurrez gure alkatea Azpeitiaren erakargarritasunak zerrendatzean elizkizunetik elizkizunera ibilia zen gotzai, apezpiku, lehendakari, sailburu eta guzti.
Ez dakit zergatik, meza nagusietako bat, San Inazio egunekoa, meza santua da.
Beste kontu deigarri bat euskara gaztelera kontua da, nola dauden banatuta bi hizkuntzak liburukian, beti ere kontuan izanik euskara dela hizkuntza nagusia argitarapen osoan zehar. EAko zinegotziarentzat, Mikel Ibarzabalentzat, euskara hizkuntza nagusia ez ezik hizkuntza bakarra ere bada bere agurrean. Alkateak biak erabili ditu.
Egitarauan zehar ere bi hizkuntzak erabili dira esukararen nagusitasunarekin, kopuruari bagagozkio. Edukinari bagagozkio ordea ez da zaila konturatzea gaztelera erabili dela zezen kontuetarako, prozesio, komitiba, lehendakari edo gisakoetarako eta sufestatarako. Ez dakit honek ere esan nahi berezirik duen, baina denak soka luzerako kontuak iruditzen zaizkit.
Monografikoa merezi duena, eta egunen batean ausartuko naiz ironia ez iraingarri apur batez komentatzera, zera da, alkate berriaren argazki close-up hori Aitaren eta semearen!
Izan guztiok, salbuespenik gabe, ondo!.