Toponimoen harira

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2007ko urr. 24a, 01:10

Izen kontuetan, ia denok edukiko dugu maniakotasunetik dexente. Nerea behintzat ezkutaezina da. Antzeman izango zenidaten Urrestillako kale izenez eta beste zenbait izenez aritu nintzenean. Jasotako erantzunak ikusita, esan daiteke inork ez zidala ezertxo ere ulertu, baina ziur naiz, hala ere, batek baino gehiagok ederki asko ulertuko zidala.

 

Han ez bada hemen, badut leku izen edo toponimoekin deskontentu egoteko aitzakiaren bat beti. Neure maniak direla seguru, baina edozein kasutan, ematen zaien garratziaren gehiegiak baduela zerikusirik. Toponimia ttikiak garrantzia handiegia hartzen du gure hizkuntza paisaia zirriborrotzerakoan. Zenbaitetan gehiena amorratzeko forma aukeratzen dela dirudi, alegia, erabilienetik edo alboko hizkuntzetatik urrutien dagoena, horrela nortasuna sendotu, edo nabarmendu, edo antzeko zerbait egiten den ustez edo.

 

Mania, jakinmin, saltsarako gogo edo, dei nahi duzuen eran, antojuak bultzatuta joan nintzen duela hilabeteren bat edo betahrrandarretako lokalean Azpeitiko udalak antolatutako toponimia erakusketa edo jendaurreko informazio horri bisita egin eta bistaizo bat botatzera.

 

Zer esanak sobran, adostasunak eta desadostasunak adina, baina dakitenei utzi diegu esan behar dutena esaten. Dakitenei esan dut zeren, bisita egin nuenean, hankasartze eder bat egin nuen arte ez nuen aldegin, eta isilik egon banintz ba... hori.

 

Han zegoen lanaren egileetarikoarekin hizketan eta eztabaidan aritu ginen. Ez ni bakarrik, han geunden beste hiru edo lau pertsona ere bai, eta esaten hasita esan nuen ederra, gisa honetako zerbait.

 

-         Perdilegi izena, adibidez, inon ez da dokumentatzen, ez da existitzen, orain ez dela askoko asmazio hutsa da barra barra erabiltzen duguna.

-         Ba.. gure amari beti entzun izan zioat bada izen hori .....

-         Ke ba, ez aspalditik ordea – eta horrela utzi nuen nere solaskidea zergatiaren esplikazioa ematen ez nenkiela.

 

Aretotik aterata etxerakoan, kotxean, zer pentsa nentorrela pentsatu nuen esan nuela ederra, bobo alen honek. Zerbait banekiela baina ez inori erakusteko adina. Erdibidean edo konturatu nintzen zein zen nere errua eta zein de Azpeitian, horrela, eskribauren batek orain asko ez dela, gaizki jaso eta herriko izendegian geratu izena: Berdelari.

 

Berdelari ikastetxe publikoaren izen bilakatu zen inork ez daki zein indarren poderioz eta nondik eta zertara zetorren jakin gabe. Ikastetxea, parrerik ez mesedez, Perdilegi izeneko kalean dago, inoizko garaian beste arrazoi bategatik sona izan zuten Perdilegi baserriko lurretan.

 

Perfektoa izan beharrik ez dago baina isilik egonda ere irits daiteke bat perfekziora. Hurrengo batean beharko du. Barkatu. Barkatu jendaurrerako horrelako informazioak zazpi egun eskasetan ikusten uzten digutenei barkatzen diegun bezala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide