Erregeak, Olentzero, Papa Noel, San Nikolas, ...

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2008ko urt. 7a, 23:01

Gure etxera opariak Olentzerok ekartzen ditu abenduaren 24ko gauean. Zapata jartzen baitiogu balkoian, errege magoei jarzen genien bezala, ikus dezan eta kontura dadin hemen gaudela.

 

            Entzuten direnak entzunda, esaten direnak esanda eta biltzen gaituzten giroak bizirik, zenbait lerdobururi, gero eta ugariago den jeneroa hau, arraroa egingo zaio, non eta gure etxean, ospakizun hori horrela izatea. Pasatuko zaie.

 

            Bizimodua antolatua daukagun bezala antolatua edukirik, eta tradizioekiko ia batere atxekimendurik gabeak izanik, praktikotasunaren aukera egin genuen etxean eta Olentzero atera zen garaile. Opor osoak jostailuekin, hauek puskatzen ez diren bitartean behintzat.

 

            Aurreko arraozirik ere bazen Olentzerori abantaila hori emateko, bai emaztea eta bai neu, Urola bailararen historiaren luze zabalean lehen aldiz kalera atera zen Olentzero bultzatu zuen taldekoak ginen. Urrestillako eta Nuarbeko gazte talde bat izan zen Olentzero Urrestillako ikastolaren aldeko diru eskera atera zuena.

 

            Ikusi egin behar ziren –ohitura hain gurea eta betikoa uste dutenentzat- jendeak jartzen zituen aurpegiak, ia inork ez zuen ezagutzen galtza urdin, abarka, artilezko galtzerdi, brusa beltz, pipa, txapel herraldoiz eta farolez jantzi genuen bi metro inguruko belar ondozko gizon-panpinaren izena ere, gutxiago irudia. Martin Alegria genuen txsitulari, lehen urtetan izan genuen musika tresna eta musika jole bakarra. 1971 edo 72 aldean izango zen.

 

            Geroztik makina bat bide egin du gure inguruetako herrietan, batzuek betidaniko tradizioa dugula uste izateraino. Hala ere ezin uka, dendarien mesedeagatik edo, elkarbizitza orekatu samarra lortu duela errege magoekin. Lehen hauek ziren gaizki portatzen zenari ikatza ekartzen ziotenak, orain berriz, ikazkin benetakoa da hain zuzenak ez garenok dena ikazten gaituena.

 

            Gauzei, adarretatik ordez, boskarren hankatik heltzea gustatzen zaienak teorizatua daukate dena. Olentzero gurea eta hemengoa, erregeak Espainiakoak eta Papa Noel, Santa Klaus eta enparauak gainerako atzerri globalizatukoak. Teoria erridikulo samarra deritzot.

 

            Nekeza da zein dugun etxekoena eta zein arrotzena erabakitzea. Egia da Olentzero dugula berariazkoena, hain berariazkoa Euskal Herritik kanpo errorik ez duena dela. Aldi berean gehiegikeria dirudi Euskal Herri osoko ohitura zela esatea, esan dudan bezala gure aldean, adibidez, ezagutu ere egiten ez zenean orain gutxi arte.

 

            Literatur tradizioari bagagozkio, gabon kantak etabar, erlijio sinesmenak eta abar, ez dago dudarik gurean errotuenak errege magoak izan direla, iparraldea salbu noski. Opari ekartzaile bezala biak direla berriak esango nuke, haur eta umeekin lotura aski garaikidea dutela, mende eta erdi erregeak eta mende erdi bat Olentzerok.

 

            Bien bitartean, eta ume eta haurrekin guztiz lotua, beste ohitura bat galdu dugu bidean, San Nikolas. Oraindik ere gure artean bizi da jendea umetan San Nikolas egunean  eskera, gabon eskera bezalaxe, ateratzen zena eta kantuak ere gogoan dituena. Gaurko jende askori ohitura guztiz arrotza irudituko zaio hau, baina hau zen umeekin lotuena. Sasoi batean saturnalak zirela eta ospatzen ziren ihaute gisako haiek San Nikolasez hasten ziren eta urte hasierataraino iristen ziren.

 

            San Nikolas Santa Klaus bihurtu zen Europan eta hau Papa Noel, amerikarrei kopiatuz, mundu gerrate ostean. Coca Colaren indarra geroztikakoa da nahiz eta jendeak zenbait esames edo denboraz kanpoko egia ere gogoan duen.

 

            Irudi hauen arteko istiluen, politikakeriazko istiluen, lekuko gara eta oso burugabea dirudi isitilu hoiek haizatu eta indartzea. Gure lasaitasunerako, auzia oraindik ez da iritsi 1951an Frantzian iritsi zen mailaraino. Dijongo hirian, gabon egunez, eliza katolikoak (“berriro...”) Papa Noel plaza publikoan erre zuen, berrehun haurren aurrean. Sonatua izan zen Frantzian.

 

            Olentzaroetan, dena eta denak libre.

             

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide