Konstituzioa, Konstituzio hau

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2008ko abe. 6a, 13:12

Bada Azpeitia eta inguruetan lehentasun gehiagoko eztabaidarik, jakina. Baina gaurko egunkarietan hau ere badator. Astearen hasiera aldera egin zidaten galdera berria-tik eta honela erantzun nien. Handik atereak dira gaur azaltzen diren iritzi zatiak.

Sasoi hartan abstenitu(PNV eta HB) eta Euskal Herriak konstituzio hau ez zuela onartu esaten dutenen aldean joko zuzena izan zen nirea, kontrako botoa eman nion kontrako kanpaina egiteaz gain.

     Gaurtik begiratuta demokrazian politikagintzak nola behar zuenaren tankerarik ere ez geneukala izango litzateke arrazoia. Orduan mila arrazoi ttipiren artean bat aurkitzen genuen nagusia, Nafarroa ez zela gurean sartzen. Gaur ere gure gazte askok pentsatzen du gauza bera, areagotua, uste dute ordura arte bat izan zirela eta Konstituzio honek egin zuela banaketa. Euskararena ere, artean, niretzat garrantzia handiko izanik, orduko euskal alderdientzat bigarren edo hirugarren mailako auzia zen. Nahi dutena esango dute baina.

     Gaur ez nuke orduko gauza bera egingo, aldeko botoa emango nioke zalantzarik gabe. Herritarren eskubideen pedagogiarako balio izan digu, herrien eskubide difuminatu bat besterik ez genuenean. Besterik uste bada ere, gezurra dirudi, Euskal Herriak bere historia osoan lehenbiziko aldiz dauka nolabaiteko errekonozimendu politikoa, beste inon eta beste inoiz izan ez duena.

     Aldatuko ote nukeen? Hobera dezente, baina ez dut aldaketarako apusturik egingo hobetzea arriskuan jartzeko zoria guztiz urrutiratua ez deneino.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide