Hamabost urtetik gora izango dira LN lehendakariarenera zerbitzari, neskame, joan zela. Euskaldunak nahi izaten zituzten, mendikoak hobe, zintzoak, jatorrak, esanekoak, prestuak. Baserritik jauregira joan zen. Ez oso eskolatua baina, argia eta entzunekoa, jatorra, zintzoa eta zuzena. Harri landu gabea zen baina berezko onekoa, gure mendiek ematen dituztenena bezalakoa. Kontua ez zen etxeko lanak egiteko ingeniari titulua exijitzea, beraz oso ondo zegoen, ez zetorren liburupean itotzera. Azkenengo liburua eskolan ikusia zuen, etxean horrelakoetatik ez zuten behar ez eta mezetarakorik ere, ez zeukaten galtzeko denborarik. Argi zeukan lehendakariarenean ikus zitzakeen liburu eta paperak ez zirela beretzat etxe hartako norbaitentzat zirela.
Ezkontzara arte iraun zuen. Ezkondu eta jaiotetxera itzuli zen, senar eta guzti. Artzaintzan eta ume eta etxe zain aritu da urte hauetan, gaztagile ezagun ere bilakatu da. Argia izaten jarraitzen du, bizkorra, langilea, jatorra, zuzena, ama eta etxeko andre ona. Herritik gora bizi da, hiru bat ordulaurdenera oinez, Lan Roverrean saltakada bitan iristen da. Herrian eliza dago, zortzieroko elizkizunetarako eta urteko pare bat hiletetarako.
Gaixotuz gero, lehen sendagilea herritik bederatzi kilometrotara dauka, ez dakit oinezko minutuak kalkulatzen, eta botika eta umeen eskola hamahiru eta erdira. Oso ondo bizi da, pozik, Euskal Herriaren euskal bihotzenean dagoela esan genezake.
Neskame atera zenetik gaurdaino hamabost azokatik gora ospatu da Durangon urteroko abenduetan, arrakastaz, orriz orri, lerroz lerro, letraz letra. Hitz handi gozoak esateko aukerak izan dituzte agintariek, idazleek, editoreek eta euskaltzaleek. Zein aurrerabide garrantzitsuak egin diren, zein denboratara egokitze ezin aproposagoak.
LN-k neskame atera zen egunean bezain hurbil dauka dagokion liburutegia, etxetik herrira hiru ordu-laurden oinez, herritik liburutegira hamahiru kilometro eta erdi, garraio publikorik gabe. Ez daude euskal nobela guztiak liburutegi horretan. Ez dago liburutegirik bere haurren eskolan. Ez dio euskal sareak bermatzen eskuetara euskarazko libururik helarazteko modurik.
LN-ren semealabek jende jatorra izaten jarraituko dute. Krisia ez dela Durangora iritsi diote berripaperek. Euskal liburuen apalategietatik zenbat ordu edo kilometrotara bizi behar ote da....
Oharra: Azkeneko Argian argitara emana da artikulu hau