Bakarrak munduan! Jo!

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2010ko urt. 20a, 16:01

Jose Ignacio Lasa eta bere senidetxoak Urrestillara ekarri omen zituzten asto zestotan sendotza sakramentua hartzera. Urrestilla zerbait handia eta “monumentala” ikusi omen zuen. Elizkizunaren oroimen txikienik ere ez omen zitzaion geratu. erroskilak jan zituela eta “mundu osoa” Urrestillako plazan bilduta ikusi zuen ustea bai ordea.

Bizikleta parrilla banatan eramaten gintuzten gurasoek bi anaiok Azpeitira txiki txikiak ginenetik. Lasak Urrestillan izaten zuen pertzepzio bera izaten genuen San Sebastian egunean Plaza Nagusian. Mundu osoa Azpeitian zegoela, eta plaza hark kaleidoskopio batek adina kolore zituela. Ikusgarria zen guretzat Azpeitiko mutikoak danborra jotzen ikustea, inude urri haiek, mikeleteak, banda eta karroza, Karroza, hura gauza! Erregina, miss Azpeitia, tontorrean zuela.

Urtean behin entzutea beste aztarnarik gabe Sarriegiren Donostiako Martxaren lehen konpasak entzun orduko identifikatu eta geure zerbait bezala hartzen genuen,etxeko ezaguna. Ikusle harremana besterik ez genuen izaten urrestildarrok. Ez genuen irudikatzen geure bururik ikuskizun hartan irteten, eskubiderik behar genuenik ere ez genuen pentsatzen. Garaipen propio bezala bai bizi izan genituela nobio urrestildarra zuten erregina aukeratutako urteak. Bat baino gehiago izan ziren.

Gaztarokoak aldiz, helduen danborradak eta parranda beltzak, larrua oilo ipurdi genuela bizi izan genituen, frankismo amaiera, trantsizioa, ikurrina, alderdi politikoak, demokrazia aztarna, danborradaren loraldi urteak izan ziren. Luze zabalean errotuta gelditu zen apaiz donostiarrek katekesiko umeekin abian jarritako usadioa.

Lasa efektuak jarraitu egiten zuen artean. Ikasi genuen Donostian haur danborrada ikusgarri bat egiten zela, Azpeitikoa baino askoz ikusgarriagoa esan nahi da, eta helduen bat ere bazela. Kosta egingo zitzaion Azpeitikoa adinakoa izatea eta ezinezko izango zuen gugan honek eragiten zuen sentipena eragitea. Bakarrak muduan. Izorrai!

Biak ezagutzeko aukera izan dut. Azken urtetako Azpeitikoa ez dut ikusi ahal izan, ez daude paraje horiek ni bezalakoei irribarre egiteko. Biak ditut gogoko, biak propio eta neure. Donostiakoaren handitasuna eta edertasuna ulertzea kosta egin zitzaidan baina aitortu beharra dago gau paregabea dela. Min ematen dit donostiar zenbaitek Azpeitikoari irri egiteak eta azpeitiar zenbaitzuk donostiarrenarekiko esaka itsu eta ezjakinean jarduteak. Biek dute burla eta trufarako motibo ugari, biek dute, askorentzat behintzat, donostiartasun eta azpeitiartasun traszendentaletarako aukera. Biak direla eta ahazten zaigu helburu nagusia, edo danborraden jaiotze arrazoi bat eta bakarra, ondo pasatzea dela.

Agian tarte piska batetik begiratu eta ikustea da onena, Urrestillatik adibidez, biak bizi, gozatu, disfrutatu eta geure sentitzeko. Horregatik ez dut inoiz entenditu zergatik Serafin Barojak Sarriegiren martxarentzat idatzitako hitzetan egiten den aldaketa “Shebashtian bacar bat, da ceruban, ta Donosti bacar bat munduban. ¿Cer santuba ta, cer herriya ta. Cer gaur egun gucico alegriya!”. Alegriyaren ordez Donostia eta Azpeitia sartzen dituzte. Alegriyaren ordez aberriya? .

Hala ere samurberak garenoi ulertuko digute bi festak mirestea eta biei irri egitea, batera gainera, eta azalak oiloipurditan jartzea San Joanen Zortzikoa entzutean ere, dela txistuz, tronpetaz, fliskornoz edo Azpeitiko bandak jota. Ez gara bakarrak munduan baina bai toki askotan dibertitu eta ondo pasatzekoak. Bagera! Gu ere bai! Jo!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide