Bildu eta hasi

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2011ko mai. 24a, 01:05

Argia aldizkariaren eskariz hauteskunde biharamun goizean eta luma lasterrean idatzia:

ETA lokartuta eta ETArik gabeko etorkizunaren esperantza saritu dugula hautesleriak udal eta foru hauteskunde hauetan esango nuke. Sari horren adierazpiderik nabarmenena Bildu indarraren agerpen ikusgarri hori iruditzen zait. Erkidego Autonomoko emaitzen irakurketa kanoniko batek PNVren garaipena, PSE-EEren galera latza, PPren mantentzea, Bilduren irabazi ikusgarriak eta ezker eremuan iraun nahi duten alderdi txikien desagerpen ia osoa bistaratzen ditu.

Guztiz berria da egoera, eta oraingoz, harrigarria bezain esperantzagarria. Gipuzkoa da, Donostia barne, pitxirik bitxiena. PNV izango litzateke jipoirik handiena hartu duena lurraldean, Hondarribia du alkatetzadun herririk handiena, eta alkatetza gutxi lortu ditu. Bildu izan da nagusi udal mailan bezala lurralde mailan. Emaitza hauek dira ondorio politikorik eraginkorrenak ekarriko dituztenak eta “aldaketa” politikoa gauzatuko dutenak.

Irabazleak irabazle, zail egiten zait aginpide banaketa menturatzea. Oinarrizko jotzen diren, edo jo izan diren, proiektu bat baino gehiago dago jokoan eta ikusi egin behar proiektu horien araberako koalizioak edo beste interes kidetasun batzuek eragindakoak bilakatuko diren ardura instituzionaletako nagusi. Edozein kasutan garbi dago alderdien arteko harreman sare berri bat eraikiko dela, elkarbizitza berri bat, guztiak daudela negoziatzera behartuta eta harreman eta negoziazio horietan ez arma eta ez armaturik ez dela izango inoren bizkar edo bularretan. Hasiera da.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide