Donostiar(r)en fabore

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2011ko uzt. 17a, 23:07

berria 2011ko uztailaren 17an argitaratua

 

 

Donostiar(r)en fabore

RAMON ETXEZARRETA

 

 

         Ez dakit zer intentzio ageriko edo ezkutukorekin esango zuen, baina esan, esan omen zuzen Alkainek –alkate ohiak ez, besteak-, gipuzkoarrik gehienok Urrestillakoak omen garela. Ez dira kontuak horrela aterako, noski, baina atera ohi dugun zaratagatik esan daiteke ez dagoela estatistika objektiboa egin beharrik, zertarako egia?, gauza hala dela baieztatzeko. Demostratu dezala ezetz nahi duenak edo dioenak.

         Gogoratzen ditut garaiak, haiek garaiak!, zeintzutan Donostian euskalduna izateko ia ezinbesteko zirenak urrestildarra, leitzarra edo, okerrenean, goierritar generikoa izatea. Gainerakoak euskaldun nahi bainakoak edo antzeko zerbait ziren, osotasunera iristen ez zirenak azken batean. Artean euskaltasunak aurpegiera dezenteren aukera zeukan, Errrenteria-Pasaien erradikaltasuna, Goierriren askatasun nazional egarria, euskaltasun politikoaren muina, metraila eta kartzela ardatz, ikastolenak eta kooperatibenak gauza banatuago eta konpartituagoak ziren euskaldunen ezinen mapamundi txiki hartan. Sotanak eta apaizkeriak ez datoz kontura gaurko honetan, oraingoz behintzat, eta bertsolaritza urolatarron eszelentzia bat zen, ia esklusiban.

         Gugandik, indigenongandik, jantzi eta jasotasunik gabeko herritar ginen euskaldun osoengandik, euskaldun menditarrarengandik edo basaeuskaldunengadik, zer ikasia zuen jendez beteta zegoen Euskal Herriaren kontzientzia sartu ziguten, eta guk gustuz hartu ere, hezur muinetaraino. Harrotasunerako adina motibo ematen zitzaigun ezjakintasun eta ignorantziarako, hori bai, ezjakintasun eta ignorantzia guztiz jator, duin eta nobleak, nola bada bestela?  Iruditzen zitzaigun donostiarrek donostiar edo, onenean, euskaldun ergel izan behar zutela, ez dakit gutako asko nor izatea ezartzeko ezinbesteko arau ez ote genuen egin. Honetan ere historiaren berrikuspena eta oroimenaren astinketak egin beharrean egongo gara.

         Irrati programa horietako batean, lehen udakoak izaten ziren eta orain urte osokoak diren programa erraz irensten den horietako batean, ari ginela esan zuen, nongoa den esango ez dudan batek,:

         - Nik uste egiten zaiena baino kasu gehiago egin behar litzaiekeela hemen, Donostian, probintziako jendeei.

         Hura eta berarekin ari ginen beste bi kaikuon, kaiku maitagarrion esan nahi da, ezaugarri eta nondartasun guztiekin zinegotzi egin gintuen hiriko, Donostiako, herritarrekiko deskontsiderazioa, eta iseka ere, iruditu zitzaidan kontua. Baina gizonak konbentzitua esaten zuen hori eta, ezin uka, jende pila baten iritziarekin zetorren bat. Auto-zita barkatuko du irakurleak baina, esanaren penarik ez dudalako, hala pentsatzen dudalako eta, nekatu ala ez, esan beharra dagoela uste dudalako, urte haietan Argian argitara eman nuen artikuluxka bateko lerrook ez zaizkit desegokiena iruditzen. “Beste kontu bat da ñoñostiarkeria. Ñoñostiarra herri txikietako euskaldunok konplexua eragiten diogun donostiarra da, bilbotarra edo gasteiztarrak baino euskaldunago baina ez Urrestillakook bezain euskaldun sentitzen dena. Ñoñostiarra euskaltasuna eta euskaldunaren nortasuna asfaltotik baino mendi, soro eta simaurretatik gertuago dagoela uste duen euskaltzaleak sortutako hirietakoen irudi eta karikatura negargarri bat besterik ez da. Politikoki negargarria eta euskararentzat suizida”

         Ez nuke esango estereotipoak findu ditugunik, alderantziz agian, marduldu eta areagotu egin ditugula esango nuke, okerrera egin dugula. Sarritan gertatzen da Donostia esan edo idazten dela, Bilbo, Europa edo Jamaika bezala, eta ez dugula ulertu behar donostiarrak esan dela, bilbotar, europar edo jamaikar ulertu behar ez dugun bezala, herritarrik gabeko herri edo herrialderik balego bezala. Okerrago da Donostia aipatu eta esplizituki bere herritarrak edo auzoak bereiztera behartzen zaituztenean, konpontzeko borondaterik ez duen ondoezaren adierazpen negarti zikoitz baten traza besterik ez dela esango nuke.

         Kontuak goiari gain hartzen dio Donostia eta euskararen arteko harremanaz entzun eta irakurtzen dugunean. Harreman edipiko bat dirudi, eta eskizofreniko hutsa. Euskararen etsaiago den hiririk ez dirudi zenbaiten aho eta idatzietan. Alferrik amorratuko zaie aurreiritzi politiko gezurti baten ondorio dela hori ukatuko didatenei, ez historiak, ez orainak emango die arrazoi. Baina batzuek, askok, euskaltasuna krudelkeria horretaraino eraman dute, ukazio horretaraino, sinetsi eta sinestarazteraino. “Euskaraz hitz egiten ditek!” esan zien bere adiskideei harriduraz hamar urte inguruko mutiko azpeitiarrak Donostiako pilotari koadrilakoen mintzoa entzun zuenean. Neuk entzuna

         Donostiak, donostiarrek alegia, jantzi ninduten euskaldun eta erakutsi zizkidaten euskararen balioak, jasotasunak eta Donostiak, donostiarrek, eman dizkiote aukerarik gehienak nire euskalduntasunari. Ez dut nik esango Donostia kosmopolita denik, baina bai esango dudala Donostian kosmopolitatasunari begirune apur batez egin zaiola leku eta hori merezimendua dela, orain eta beti, nahiz eta adimen lerdoei geuretasunaren ukazioa dela iruditu.

         Beste baterako utzi beharko esan dudan guztiak Europa eta bere kultur hiriburu izatearekin eduki dezakeen zerikusiaz aritzea. Ezin, ordea, ukatu aipatu dudan argudiojera hori guztia Kultur hiriburu izan nahiaren eta hala nahi zutenen irrigarrikeriarako eta deskalifikaziorako erabilia izan dela, euskararen izenean gehienetan. Gaur da eguna kultur hiruburutasunak gizarte onarpen guztiz erabatekoa irabazi duela dirudiena, zergatik pentsatu baina esango ez dudan arren, eta gaur da eguna, arrazoi berdinagatik ziurrenera, esan dudan guztia itzulipurdika jartzen hasi dena. Egoera ez da arras ezberdina, ez eta egoeraren interpretatzaileak ere, horrek kontuari sinesgarritasuna kentzen dion arren. Lau bat urte edo gehiago ditugu esaten duguna sinesten hasteko eta errealitatea egia berdaderoa bilakarazteko. Hala bedi, eta zorionak donostiarroi.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide