trapu zaharrak

Erabiltzailearen aurpegia Ramon Etxezarreta 2011ko urr. 18a, 13:10

Luma lasterrekoa. Bake konferentziaz, hau amaitu orduko, Argiaren eskariz idatzia.

TRAPU ZAHARRAK

         Lotsa pasatu dut joan den astean, lotsa handia. Urte luzetan bizi izan naiz bizimodu makur ezkutukoa egitera behartua, biharamunik ezagutuko ez nuen beldurrez, nire euskaltasun ukatua nola edo hala itoaz. Lotsa pasatu dut, luzaroan nirea esplikatzerik, ustez saiatu arren, lortu ez dudalako. Lotsa, hori hiru ordutan zehar hiruna minutuz hitz eginez egin zitekeela jakin dudanean.

         Pena hartu dut, pena handia, niri ulertu ezin izan didatena nazioarteko izen ospetsuei ulertzeko erraztasuna agertu dutelako, gorbata haientzat lotu dutelako. Ez nau harritu oraindainokoan beren bizitza eta beren adiskideenak hurkoarenak baino gehiago balio zuela, edo hurkoarenak balio zipitzik ez zuela, uste izan dutenengandik.

         Amorrua sentitu dut euskal herritar askoren artean oraindik ez dudalako sentitzen igaro dugun guztiaren kontzientzia orokorrik. Amorrua dut, nahiz eta krimenetan partu hartu ez duten, gizarte zintzo batek partekatu beharko lukeen lotsak ez dituelako oraindik harrapatu. Amorrua,  inor, inor asko, inoren izenean, bakeak bizitza itzuliko ez dienen izenean, arduragabeki barkatzeko prest agertzen delako.

         Poz eman dit jarduera armatuaren behin betiko amaiera eskatu dutelako, ETAri berea konpontzeko eta politikatik kanpo gelditzea eskatu dietelako.

Ezinbesteko aurrerapausoa izango zen hau. Ez dakit hain ezinbestekoa zen ezker abertzaleak euskal gizarteari umiliazio hau pasaraztea. Zeremonia guzti hau exijitzea, guztioi “inor ez hil, ez bortxatu” soil bat behar dela erabakitzeko eta beste guztien arauetan, guztientzako arau berdinetan, aritzeko prest dagoela esateko eszenategia prestatzeko.

Agian ari da ordua iristen gutako bakoitzak bere buruaren erantzukizuna izango duena, hori bai ezinbestekoa dela. Nik nire egiten ditut nire esanak eta eginak eta hauen erantzukizun guztiak. Prestaketetan ari naiz memoriaren parentesi tarteetan bizitzen hasteko, kanpoaldeko leihoko kakoan eskegiz neure trapu zaharrak, gorrotoari besarkatu gabeko ardura eta erantzukizuna.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide