Sañu eta Oleta mendien inguruan eraiki nahi dituzten zentral eolikoekiko desadostasuna adierazteko elkarretaratzea egingo du Sañu Bizirik elkarteak urriaren 11n, 18:30ean, udaletxearen aurrean. Mendiak ez industrializatu lelopean elkartuko dira, eta taldeak proiektuekiko kezka duten herritar guztiak gonbidatu nahi ditu protestan parte hartzera. Ondoren, han bildutakoak elkarrekin joango dira Soreasu antzokira; izan ere, Azpeitiko Udalak Piaspe zentral eolikoaren proiektuaz azalpenak emateko batzarra egingo du egun horretan, 19:00etan, Soreasun.
Bestalde, urriaren 12an mendi martxa egingo dute Elosuara, Gipuzkoako Mendiak Aske plataformak deituta. Sañu Bizirik taldeak bat egin du deialdiarekin, eta Azpeititik ere egingo dute ibilaldia. 08:15ean abiatuko dira anbulatorioaren aurretik, eta oinez joango dira Elosuara. 12:30ean, harrera izango da Elosuan; mokadutxoa egiteko aukera izango da, eta norberak eraman beharko du edalontzia. 13:00etan, agerraldia izango da, eta ondoren, haize errota irudikatuko dute bertaratzen diren guztien artean. 14:00etan, bazkaria egingo dute, eta bazkaltzen gelditu nahi dutenek etxetik eraman beharko dute jatekoa. Elkar ezagutzeko eta ideiak partekatzeko aprobetxatuko dute abagunea.
Azpeititik Elosuara oinez joan nahi ez duenak izango du autobusez bertaratzeko aukera ere; 11:00etan abiatuko da autobusa anbulatorioaren aurretik, eta han joan nahi dutenek 671 46 92 14 telefono zenbakira deitu beharko dute astelehen –urriak 10– eguerdia baino lehen. 17:00etan itzuliko da autobusa, eta Elosuara oinez joandakoek ere izango dute han itzultzeko aukera.
Animatu eta parte hartu.
Mendiak ez industrializatu, ez Sañun eta ez iñun!