Piaspe non dagoen mapetan begiratzen alferrik hasiko da inor. Bertako baserritar zaharrenei galdetuta ere, berdin. Aditzerarik ez dute. Sekula entzun gabekoa da delako Piaspe hori. Ez da existitzen. Ez-leku bat da. Inorena ez den espazio bat, historiarik gabea, gizarteak berea ez duen lekua. Galduz gero ere axolarik ez ligukeen paraje bat, azken finean.
Piaspe non dagoen ez dakigu, beraz. Baina Arauntza bai. Gurea da, oso, Arauntza. Eta Arroita ere bai. Eta Sañu ere ezaguna zaigu. Etumeta ere bai. Horiek denak maite ditugu ezagutzen ditugulako, betidanik, gainera. Oso gureak dira, gurasoekin han ibili izan garelako, eta seme-alabak eramaten ditugulako.
Nork, noiz, non erabaki du Piaspe deitzea proiektu horri? Sañoa-Arauntza jartzea ez al zen logikoagoa? Ernio-Gazume ere deitu dakioke, mendigune horretan dagoelako. Agian ez da komeni izena entzun orduko jendeak non dagoen jakitea.
Udalak batzarra egin du Sañun egin nahi duten makroproiektuaren inguruan, berandu eta behartuta. Gardentasun ariketa omen, baina herritarren galdera nahiz kezkei erantzuteko 'aditu' bakarrak zentrala jarri nahi duen enpresako ordezkariak izan dira. Ederra kontua: behia saldu nahi digunari galdetu behar behiaren herrenaz. Bilera hartan gaiaz informatzeko aditu independenteekin batzar bat antolatzeko eskatu zuten. Udaleko ordezkariek iskin egin zioten eskaera horri. Bi aldiz. Motxean: udala multinazional baten eskutik agertu zen oholtzan (hori gutxi ez, eta hamaika aldiz eman zizkion eskerrak alkateak). Sañukoa ez da Azpeitian eraiki nahi duten zentral eoliko bakarra. Bada beste proiektu bat ere, eta horren gainean –guk dakigula– hitz erdirik ez du esan Azpeitiko Udalak gaur arte. Geuk haizatu beharko dugu, hortaz.
Samiño eta Izazpiko gailur ederrak eta biak lotzen dituzten gainak Azpeitia ere egiten dira lurrez. Han dute muga gure herriko terrenoek auzokoekin. Ingurune hura aukeratu du Capital Energy enpresak Buruzai izeneko zentral eolikoa egiteko (Piaspe-rekin gertatzen dena gertatzen da izen honekin). Milaka milioi eurotako inbertsioak egin nahi ditu han eta hemen. Diru gehitxo, gauza onerako. Baina gatozen harira: izapidetzeak hasiak ditu konpainia horrek, eta legeak derrigortuta aurkeztu beharreko dokumentazio publiko guztian ageri da Azpeitia Buruzai proiektuak erasango lituzkeen herrien artean. Xehetasunak alde batera utzita, asmoa, funtsean, tontorrak industrializatzean datza: sei kilometro (!) inguruko errepide zabal bat eraikitzea Oletan hasi, eta Samiño ingurutik pasatuta, Pagotxuetan barrena Izazpiko gailurreraino, eta errepide horren mutur banatan bina errota erraldoi eraikitzea. Horrez gain, mendi gainetara iristeko errepidea egin behar da, sortutako energia behera garraiatu behar da, eta errotek ere nahitaezko azpiegitura osagarriak behar dituzte.
Gardentasuna hitzetik hortzera darabilen Azpeitiko Udalak ez du orain artean adierazpen publiko bakar bat ere egin megaproiektu horren gainean; nahiz gauza jakina izan errota horiek Azpeitiko udal barrutian ere eraikiko direla. Zergatik ez du ezer esan udalak? Gardentasunaren gardentasunez begi bistakoak ez ikusten hasiko ziren, akaso? Edo ahaztu egin al zaie? Ez al zaie nahiko inportantea iruditzen?
Udalak ez die herritarrei egia esaten. Ez Arroite-Sañu-Etumetako zentralaren gainean, ez Oleta-Samiño-Izazpin egin nahi dutenaren gainean. Beren isiltasuna Capital Energy-ren mesedetan da, eta gu denon kaltetan. Azpeitiko Udala garden ari da jokatzen, argi eta garbi lerratzen delako multinazionalen alde (izan Statkraft, izan Capital Energy), herritarroi informazioa ezkutatzean.