Hazparneko herria erabat saminduta azaldu da Azpeitiko Udalak hartutako erabakiarekin. Izan ere, 1983. Urtetik elkarrekin zuten senidetza harremana bertan behera uztea erabaki du Azpeitiak. Horren adierazgarri izan da aste honetan udal-langileek herri sarreretan zeuden kartelak aldatu izana.
Hazparneko auzapezak adierazi duenez, erabaki horren atzean Azpeitiak Oslo hiriarekin sinatu berri duen senidetza harremana egon liteke. Badirudi akordiorako lehen urratsak, Oslon egoitza duen, Starcrack enpresak azaroaren 10ean Azpeitira egindako bisitan eman zirela. Egun horretan enpresako ordezkariak Gipuzkoako herrian egiteko asmoa duten zentral eolikoari buruzko informazioa ematera deituak izan ziren.
Senidetze hori tarteko, Azpeitiko Udalak Stracrack enpresaren akzioen %5a eskuratu ahal izan du. Udalaren ordezkariek adierazi dutenez akordio horri esker eta akzioak eskuratu izanaren ondorioz, Azpeitiarrek onura handiak izango dituzte elektrizitatearen fakturan. Izan ere, argindarraren prezioa %75a gutxitzea aurreikusten dute martxotik aurrera.
Testuinguru horretan, Sañu Bizirik taldea egoera berraztertu eta aukera berrien bila hasi da. Horretarako, Ameriketako Estatu Batuetako Houston hirira bidaia antolatu du joan den azaroan aurkeztu zuten fusio nuklearrari buruzko informazioa bildu eta herrian inplementatzea posible izango den aztertzeko.