Asteazkenean abiatu zen 101 Arrazoi egitasmoa Azkoitiko Elkargunean. Han, Alvaro Camposek hitzaldia eskaini zuen, eta 200 lagunetik gora elkartu ziren aretoan ikertzaile-irakaslearen saioa bertatik bertara entzutera. Saioan energia trantsizioari buruzko zalantza ugari jarri zituen mahai gainean. Zikloari jarraipena emateko, hilaren 22an bisita gidatua egingo da Oletako estazio megalitikora; Antxieta arkeologia elkarteko kideek emango dituzte azalpenak mendi irteeran. Hain justu, 11:00etan hasiko da bisita gidatua Oletatik.
Irteeran Oletako nahiz Pagobakarreko tumuluak eta Iruarrietako trikuharriak nahiz dolmenak bisitatzeko aukera egongo da. Agiro mendi klubak, Anaitasuna Mendi Bazkunak, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Sokaitz eskalada taldeak, eta Oletan ere Ez! nahiz Sañu Bizirik! plataformek elkarlanean antolatu dute irteera.
Mendi irteerara autobusez zein oinez joateko aukera egongo da. Bidea autobusez egin nahi duten herritarrek Azkoitiko, Azpeitiko edo Zestoako mendi elkarteetan eman dezakete izena; ostegunean, urtarrilak 19, itxiko da izena emateko epea, 22:00etan. Zestoan, Gurutzean abiatuko da autobusa 08:45ean; Azpeitian, 09:00etan irtengo da autobusa anbulategi aurretik, eta Azkoitian, 09:15ean Eroski txikiaren alboko autobus geralekutik. Dena den, bidea oinez egiteko aukera ere izango da.