Zentral eolikoak mendietan zergatik ez diren eraiki behar azaltzea xede duen hitzaldia izango da datorren ostegunean, maiatzaren 4an, Azpeitian. Hain zuzen ere, Espainiako Estatuan energia krisiaren gaian erreferente diren bi lagunek eskainiko dute solasaldia: Antonio Aretxabala geologo eta ikerlariak eta Antonio Turiel fisikari, matematikari eta CSICko zientzialariak.
Energiaren eta materialen krisiaren berri emango dute horiek, baita egungo testuingurua azaldu ere. Finean, "arazo potoloari" aurrez aurre begiratzen lagunduko dute Aretxabalak eta Turielek solasaldiarekin. Soreasu antzokian izango da hitzordua, 19:00etan.
Solasaldia mendietan eolikorik ez eraikitzeko 101 arrazoi egitasmoaren barruan antolatu dute. Azkoitiko Anaitasuna mendi bazkuna, Azpeitiko Sokaitz eskalatzaile taldea, Azpeitiko Lagun Onak mendi bazkuna, Zestoako Agiro Mendi Kluba, Oletan ere ez! taldea eta Sañu Bizirik! taldea dira egitasmoaren sustatzaileak.