Alegazioak sinatzeko deia egin du Sañu Bizirik taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2024ko urt. 2a, 15:25

Urte berri egunez, Erloko tontorrean bildu ziren hainbat herritar, eta Izazpi nahiz Oleta inguruetan egin asmo dituzten zentral eolikoen aurkako alegazio herritarren inguruko sinadura bilketa babesteko argazkia atera zuten. 

Urte berria hastearekin batera, lagun mordoa elkartu ginen inguruko mendi gailurretan Mendietan zentral eolikorik ez! aldarriak soinean genituela. Azpeiti, Azkoiti eta Zestoa inguruetako herritarrok Erlo gainean genuen hitzordua; ondorioz, adar hotsaren doinua entzutearekin batera, 09:00ak aldera mendi martxei hasiera eman genien. Pixkanaka-pixkanaka, 11:00 inguruan, hiru herrietako kideak Erloko tontorrean bildu ginen, eta gailurrean txanpainaz topa egin ondoren, Izazpi eta Oleta inguruetan egin asmo dituzten zentral eolikoen aurkako alegazio herritarren inguruko sinadura bilketa babesteko argazkia atera genuen.

Gogoan izan proiektu honen aurkako alegazioak aurkezteko hilabete bakar bat dugula; beraz, deia egin nahi genizueke datozen egunetan alegazioak ezartzeko jarriko diren guneetan sinadura bota dezazuen.

Gure mendien defentsan, mendietan zentral eolikorik ez!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide