Buruzai proiektua publiko egin denez, denbora aurrera doala ikusirik eta abenduaren 23an Sañu Bizirik eta Oletan ere ez! taldeek egindako agerraldian udalei luzatutako galderei jaramonik egin ez diotenez, Sañu Bizirik taldeak egoeraren larritasuna ikusirik, joan den ostegunean Azpeitiko Udalean ez ohiko udal batzarra eskatu zuen mozio bat aurkeztuz. Honako hau izango da bertan egingo den galdera: Zein neurriren bidez gauzatu behar du udalak Buruzai proiektuaren aurka adierazitako jarrera?
Sañu Bizirik taldeak jakinarazi nahi du Azkoitian ere, Oletan ere ez! taldeak antzeko galdera planteatu duela prozedura bera erabiliz.
Bestalde, hiru ohar jakinarazi nahi ditu Sañu Bizirik taldeak:
1- Buruzai poiektuaren aurkako alegazioak aurkezteko eta abokatua ordaintzeko, 12.000 euro baino gehiago beharko dituela taldeak.
2- Jendea gogoz dabilela Izazpi, Pagotxeta, Oleta eta Saminoko makroproiektu suntsitzaileen aurkako herri alegazioak sinatzen. Oraindik garaiz daude herritarrak herri alegazio hauek sinatzeko hilaren 27ra arte astearte goiz, ostiral arratsalde eta larunbat eguardietan. Horretarako aukera izango dute nahi dutenek.
3- Laster Izazpi, Pagotxeta, Oleta eta Saminon Buruzai proiektu suntsitzaile bat aurkeztu duten moduan, Sañoan ere Piaspe proiektua aurkeztuko dutela eta herritarrei datozen mobilizazioetan parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu.
Besterik gabe, orain jokatzen da mendiak bizirik mantentzeko partida! Eta mendiak mendi izaten jarrai dezaten, guk ere borroka horretan tinko jarraituko dugu.