Piaspe proiektu eolikoa

SEO Birdlife ere Piasperen kontra

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2024ko mai. 19a, 08:37

SEO Birdlife GKEk ere Piaspe zentral eolikoaren aurkako alegazioak prestatu ditu eta baimena ukatzeko eskatuko dio Eusko Jaurlaritzari.

SEO Birdlife Gobernuz Kanpoko Erakunde (GKE) kontserbazionistak ere Piaspe zentral eolikoari baimenik ez ematea eskatu du eta alegazioak prestatu ditu Eusko Jaurlaritzaren aurrean aurkezteko.

Hegaztien eta biodibertsitatearen defentsan erreferentziazkoa den erakundeak nabarmendu du Arauntza-Sañoa eremua mehatxupean dauden hainbat espezieren kontserbaziorako funtsezko gunea dela, hala nola miru gorria, sai zuria, hontz handia zein belatz handiarentzat. SEO Birdlifen esanetan, Piaspe zentral eolikoaren eraikuntzak espezie guzti horiengan eragingo lukeen inpaktua kritikoa, iraunkorra eta asumiezina izango litzateke.

Nabarmendu du, halaber, Statkraftek aurkeztutako Ingurumen Inpaktuaren Azterlana ez datorrela bat indarrean den ingurumen inpaktuari dagokion legediarekin, eta ukitzen dituen Izarraitz, Pagoeta eta Hernio-Gazume Natura 2000 Sareko espazioen osotasuna kaltetuko ez duen inongo bermerik ez duela ematen.

Guztiagatik, Piaspe zentral eolikoaren proiektuari kontrako Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena eman dakiola eskatu du.

Berria osorik SEO Birdlifen webgunean irakur daiteke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide