Statkraften Piaspe proiektuak bere horretan jarraitzen du

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2024ko ira. 13a, 10:41

Mendiak eta landa ingurunea txikitu asmo dituen enpresak, zentral eolikoa jartzeko pausoak ematen jarraitzen du. Sañu Bizirik eta Errezil Bizirik taldeek hainbat egitasmo antolatu dituzte datozen asteetarako. Besteak beste, kontzentrazioa egingo dute hilaren 29an Zelatunen. 

Azpeitia, Errezil eta Zestoari eragingo dion zentral eolikoaren proiektuari jarritako alegazioei Eusko Jaurlaritzak eman beharreko erantzunaren zain jarraitzen dugun bitartean, udan ez dira multinazionalak geldirik egon. Biderkatu egin dira gure inguruetan jarri asmo diren zentral eolikoen albisteak.

Bitartean, gurean, proiektuari alegazioa aurkeztu arren, Azpeitiko Udalaren eta bertan agintean dagoen EH Bilduren jarrerak anbiguoa izaten jarraitzen du. Ez da berdina “baldintza hauetan ezin da egin” adieraztea; edo "proiektu hau gure herriko lurretan garatzea ez dugu onartuko" esatea. Badute ordua herriko agintari politikoek, herritarrek kaleetan behin eta berriz adierazitakoa entzun eta aurkaritza erreala egiten hasteko.

Azpimarratu nahi dugu, orain bi urte alfonbra gorria jarrita herrira sartu zuten Piaspe proiektua ez dagoela geldituta, ezta gutxiago ere. Statkraft dagoeneko hurrengo pausoei begira jarrita dago, alegazioei iskin nola egingo. Herritarrok antolatuta jarraitzeko beharra izaten jarraitzen dugu. Ez da lasaitzeko momentua, borroka hau hasi besterik ez baita egin.

Ikasturte honetan ikusiko dugu benetan zein norabide hartzen duen proiektuak eta, behingoz argi azalduko, nor dabilen herriaren alde eta nor kontra. Guk lanean jarraituko dugu etenik gabe.

Jarraian dituzue hilabete honetako ekimenak:

  • Irailaren 26an, 19:30ean, Borondegin, Errezil Bizirikek antolatuta, hitzaldia: Gure etxeak energia krisira nola egokitu; Zer egin dezakegu? Iñaki Zulaika Poto-k eskainiko du. 
  • Iralairen 29an, 13:00etan, Gipuzkoa mailako kontzentrazioa Zelatunen.
  • Iraileko igandeetan informazio eta material postua Zelatunen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide