Argazkiak biltzen jarraitzen dugu eskualde inguruan egin asmo dituzten makroproiektuen aurka. Izan ere, Azpeitian, Zestoan eta Errezilen eragina izango duen Sañoako Piaspe proiektuaz gain, hainbat dira gure mendi eta zelaietan kokatu asmo dituzten parke eolikoak; hala nola, Oleta-Samiño-Izazpi gainetan kokatuko litzatekeen Buruzai proiektua (Azkoitia-Azpeitia-Zumarraga-Ezkio), Meaka-Irimo hartuko lituzkeen Trekutz (Antzuola-Urretxu) zein Basalgo (Eibar-Elgeta-Bergara mugartean).
Proiektu horiek gelditzeko modu bakarra herritarren bultzadaren bidez izango da. Horregatik Bizirik nahi ditugu ekimenean parte hartzera gonbidatu eta animatu nahi zaituztegu, txiki askoren artean lorpen handiak lortzen direla konbentzituta gaudelako. Azpeitiko plazan informazio mahaia eta argazkiak ateratzeko txokoa jarriko ditugu aste honetan ere: larunbatean, azaroak 23, 12:30etik 14:30era bitartean, hain zuzen.
Plazara etortzerik ez duenak baina ekimenarekin bat egin nahi duenak, karnet tamainako argazkiak bidal ditzake mendiakbizirik@gmail.com helbide elektronikora.