Abenduaren 15a arte bidal daitezke horma-irudirako argazkiak

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2024ko abe. 13a, 18:17

(Argazkia: Sañu Bizirik)

Txiki askoren artean...

Duela pare bat hilabete eskualdeko hainbat herritar zein eragilerekin biltzeari ekin genion, gure lurraldean martxan jarri nahian dabiltzan hainbat makroproiekturen inguruan iritziak jaso eta informazioa elkarbanatu asmoz; aldi berean horma-irudi erraldoi bat osatzea helburu herritarron argazkiak biltzen joan garelarik.

Azken aldian inpasse egoera batean geundela zirudien arren, multinazionalek ez dute atsedenik hartu, non Statkraft zein beste hainbat enpresak beren tramiteak aurrera daramatzaten, Piaspe, Buruzai, Trekutz, Basalgo eta orain gutxi argia ikusi duen Beizama-Bidaniako makro proiektuek argi uzten duten bezalaxe.

Astakeria hauek geratzeko aukerarik badago, gaur egun herritarrok antolatu eta mobilizatzen jarraitzen dugulako izango da; norbanako, eragile eta elkarteok elkarlanean.

Udalek eta inguruko elkarte zein entitateek egindako txosten eta alegazioek argi uzten dute proiektu hauek ingurumenari eta bertako auzo bizitzari eragingo lioketen kaltea, halere argitu gabe darraite berauen aurrean zer neurri hartuko dituzten.

Makro-astakeria hauek geldituko baditugu denon bultzadaren beharra izaten jarraitzen dugu. Txiki askoren artean lorpen handiak lortzen direla sinestuta gaude eta denon artean horma-irudia osatzeko azken txanpan gaude; dagoeneko 400 lagun inguru bagara eta argazkiak jasotzeko azken egunetan. Zuk ere parte hartu nahi izanez gero, mendiakbizirik@gmail.com helbidera bidali besterik ez duzu.

Bizirik nahi ditugulako herriak, auzoak, baserriak... Bizirik mendiak bailarak, basoak, errekak, bizirik hegaztiak, saguxarrak, erleak... Bizirik abereak, nekazariak, abeltzainak...

Bidean ikusiko dugu elkar.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide