Piaspe proiektu eolikoa

Itsaraz ez, Piaspe...?

Erabiltzailearen aurpegia Sañu Bizirik 2025ko ots. 8a, 08:00

Piaspe proiektuaren maketa egon zen erakusleihoa.

Statkraft enpresa multinazionala Aramaion (Araba) eta Eskoriatzan (Gipuzkoa) tramitatzen ari den Itsaraz zentral eoliko proiektuaren Ingurumen Ebaluazio prozeduran Madrilek kontrako ebazpena eman ondotik, prozesu horrek Piasperekin izan ditzakeen antzekotasunak azaldu ditu Sañu Bizirik taldeak honako artikulu honetan.

Jakina denez, 2025eko urtarrilaren 16an Espainiako Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak kontrako Ingurumen Inpaktuaren Adierazpena eman zuen Statkraft multinazionala Aramaion eta Eskoriatzan tramitatzen ari den Itsaraz zentral eoliko proiektuaren Ingurumen Ebaluazio prozeduran.

Zer esan nahi du horrek? Ez dela eraikiko? Asier Agirre Aramaioko alkateak, erabakia txalotzearekin bat, honakoa zioen: "Oraindik ez gara enpresarekin harremanetan jarri, baina lehen irakurketa da ezingo dela parke hau egin". Eta gehitu: "Herrirako ez zen proiektu bat zen momentutik, kontra egon gara. Proiektu oso handia da, gaizki antolatutakoa eta lurraldeko plangintzarik gabe egindakoa. Horregatik, bertan behera geratzeko erabakiaren gaineko balorazio oso positiboa egiten dugu. Udaletik uste dugu energia berriztagarrien gaineko lanketa egin behar dela, baina hau ez dela bidea, eta makro-proiektuak herri txikietan inposatzea ez dugu egoki ikusten". Zoriontzekoa eta eskertzekoa bereziki Aramaixo Bizirik taldeak denbora honetan guztian herrian eginiko lana.

Ederki. Eta, zergatik eman dio ezezkoa Espainiako Gobernuak Statkraften espainiar filialari? Bada, funtsean, toki horretan kokatuko litzatekeen halako zentral batek (200 metrotik gorako 8 aerosorgailu) inguruko hegazti fauna babestuari eta gertu dituen Natura 2000 sareko Kontserbazio Bereziko Eremuei (KBE) eta horien osotasunari eragingo lizkiekeen kalte larriengatik.

Natura 2000 sareko babes bereziko eremuak eta hegazti faunaren kontserbazioa hertsiki loturik daude. Kasu honetan, Urkiola (1,3 kilometrora) eta Aizkorri-Aratz (2,4 kilometrora) KBEen kontserbazio-helburuen barne daude sai arrea eta sai zuria, eta interes handiko beste hainbat eta hainbat espezieren habitat naturalak dira. Eremu horien osotasuna mantentzeko ez da nahikoa eremua bera salbatzea edo ez ukitzea, ez baitira elementu isolatuak edo beregainak; beren arteko konektibitatea bermatzea ezinbestekoa da. Tarteetan mugitzen dira maiz hegaztiak, batetik bestera joateko, bazka bila, migrazioan eta abar.

Ingurumen ebaluazioa gainditzeko, administrazioak ziurtasuna eduki behar du azpiegiturak ez diola kalte esanguratsurik eragingo kontserbazio bereziko izendapen hori daukaten eremu horien osotasunari eta izendapen horren zerizana diren elementuei (kasu honetan babestutako hegazti nekrofagoak), nahiz eta proiektua eremu horietatik kanpo kokatu. Horixe izan da nagusiki, Statkraft, Arabako eta Bizkaiko diputazioak, Eusko Jaurlaritza eta Ministerioa, SEO Birdlife erakundearekin batera, protagonista izan dituen ebaluazio honen muina. Halaber, balizko kalteak baloratzeko orduan behin eta berriz aipatu den irizpidea, Eusko Jaurlaritzak eta EAEko hiru diputazioek sinatutako Euskal Autonomia Erkidegoan Batasunaren Intereseko Hegazti Nekrofagoak Kudeatzeko Baterako Planak bere 12.4 artikuluan ezartzen duena izan da, hitzez hitz dioena: "Hegaztiek haize-sorgailuen eta energia ebakuatzeko lineen kontra talka egiteko arriskurik ez izateko, ahal dela, Batasunaren intereseko hegazti nekrofagoen interes bereziko eremuetan eta, bereziki, ugatzaren edo/eta sai zuriaren eremu kritikoen 10 km-ko inguruan ez da instalatuko zentral eolikorik".

Horraino, azaletik bada ere, Itsaraz zentralari ezezkoa eman dion ebazpenaren nondik norakoak. Osorik irakurtzeko (merezi du), honako esteka honetan.

Piasperi begira jarrita orain, zer espero dezakegu? Hemen ere datozen aste edo hilabete gutxi barrurako espero da ingurumen ebaluazioaren ebazpena. Ba al dago antzekotasunik? Dudarik gabe. Eta ez bietan multinazional bera ari delako soilik.

Goian aipatzen ziren babestutako hegazti espezie berberen eremu kritikoak daude kokalekutik eta ebakuazio lineatik oso gertu (miru gorriaren eta sai zuriaren kumatze lurraldeak eta etzalekuak, sai arre kolonien kanpeo eremua). Hori Zestoako udalak eskatuta Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako txosten batek berresten du, Statkraftek aurkeztutako datuak zuzenduz zein ondorioak baliogabetuz. Esaterako, galtzeko zorian dagoen miru gorriari buruz: "[...] agerian geratzen da energia eolikoa garatzeko asmoa dagoen mendia espeziearen kumatze lurraldez inguratuta dagoela".

Ondorioz, Izarraitz, Pagoeta Parke Naturala eta Hernio-Gazumeko Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremuen helburuei eta osotasunari egiten zaion mehatxua argia da (1,45 kilometrora, 2,39 kilometrora eta 2,79 kilometrora daude hurrenez hurren). Eta ez dago kalte horiek ekidingo lituzkeen neurri zuzentzailerik. Zuhurtasun eta prebentzio printzipioek gailendu behar dute, Itsarazen kasuan gertatu den gisa berean.

Desberdintasunik handiena? Kasu honetan erabakiaren azken hitza ez dela Madrildik etorriko, Gasteiztik baizik, Eusko Jaurlaritzako industria eta ingurumen sailetik, aurreikusten den instalatutako potentzia Aramaiokoa baino txikiagoa delako. Aurrekaria hortxe dago, Itsarazen, Ministerioak zuhurtzia printzipioa eta ekintza prebentiboaren printzipioa hobetsi ditu natura ondarea babesteko. Hemen?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide